EHUNGINTZA MERKATARITZA

Gipuzkoako dendetako langileek zazpigarren greba eguna egin dute

2024/06/03
Langileek eskatu dute ARTE patronalaren estatuko hitzarmenak berariaz jaso dezala Gipuzkoako akordioaren lehentasuna.

Gaur, ekainaren 3an,Madrilen beste negoziazio bilera bat egin da merkataritza kate handien ehungintza eta zapata dendetako ARTE patronalaren hitzarmen estatalaren harira. Negoziazioa uztailaren 14an hasi zenetik, Gipuzkoako sektore horietako langileek zazpi greba egun egin dituzte, gaurkoa barne.
ELAk lehen egunetik defendatu du ARTEren estatuko hitzarmena ez dadila aplikatu Gipuzkoan, eta horretarako, egoera edozein dela ere, bermeak Gipuzkoako sektoreko hitzarmena gailentzeko.

Gaurko grebak jarraipen esanguratsua izan du kate komertzial handietako langileen artean. Hainbat denda itxi dira, hala nola, H & M, Desigual, Guess, Tezenis, Intimissimi, Fifty, Woman Secret eta Mayoral. Bestetik, egun hauetako behin-behineko kontratazioagatik denda batzuk ez itxi arren, grebak jarraipen nabarmena ere izan du Zara Home, Primark, Scalpers eta Oysho dendetan, besteak beste.
Protesta Garberako Merkatal Gunean izan da. Bertan dauden denda gehienak ARTE patronalarekin elkartuta daude. Sektoreko langileek, berme osoak izan arte, mobilizazioen alde egiten jarraituko dute Gipuzkoan.