Gipuzkoako Ehungintzako langileek 11 eguneko lanuztea hasi dute ELAren babesarekin, patronalaren blokeoa salatzeko

2022/12/28
“Inozentadarik ez Ehungintzaren negoziaketan!” aldarria ahotan, gaur hasi eta urtarrilaren 7ra arte greba egingo dute lurraldeko sektoreko langileek. Beste zortzi greba egun egin dituzte aurten, baina Adegi eta Gipuzkoa Merkatariak patronalek ez dute berba egiteko imintziorik ere egin. Inuzenteen eguna ardatz hartuta mobilizatu dira gaur, eta ekitaldi ikusgarriekin jarraituko dute borroka, oraingoz, datorren astera arte.

Ehungintza guztiz feminizatutako sektorea da, prekaritatez josia eta digitalizazioaren eta behin-behinekotasunaren desorekak jota. ELAk kritikatu duenez, patronalak bultzatutakoa da egoera hori eta milaka dendatan sakabanatutako 2700 langileri eragiten die.

Horregatik, harik eta akordio batera heldu arte borrokan jarraituko dutela adierazi du sindikatuak. Epe laburrean, urtarrilaren 7ra arte iraungo du oraingo grebak, ez badira gauzak lehenago konpontzen.