Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen Garbikuntzako langileen soldata-arrakalak salatzeko mosaikoa

2021/06/22
ELA eta LAB sindikatuek Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileek pairatzen duten soldata-arrakalaren aurkako ekimen bat burutu dute. Gipuzkoako txoko desberdinetan soldata-arrakalaren aurkako mosaikoa itsatsi dute, garbitzaileen borroka irudikatuz. Donostian, Irunen, Eibarren, Tolosan, Arrasaten eta Urretxun izan dira ekimenak.

Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileak kale-garbitzaileekin alderatuta %28ko soldata-arrakala pairatzen dute. Bi kolektiboek lan berbera egiten duten arren, hau da, garbitu, sektore feminizatuak -eraikin eta lokaletako garbikuntzak- %28 gutxiago kobratzen du urtean.

Langile hauek hainbat greba egun egin dituzte jada egoera honekin amaitzeko, eta gaur, beste behin ere, patronalari seriotasunez negoziatzea eta merezi duten errespetua eskatu diote. Sektoreko lan baldintzak oso prekarioak dira, langileen %80-ak lanaldi partzialak ditu, baina patronalak horrekin nahikoa ez, eta dituzten eskubideak murriztu nahi dizkie. Hau honela, martxoan bere azken proposamena, soldata-arrakalarekin amaitzetik urruti, antzinatasuna eta bajen plusak murriztea izan zen.

Gaurkoan garbitzaileen borroka herrietara eraman nahi izan dute ELA eta LABek. Soldata-arrakalaren aurkako borroka jendarte guztiari dagokion borroka delako. Administrazio publikoaren zein enpresa pribatuen erantzukizuna da honekin amaitzea.

Langile hauek merezi duten errespetua aldarrikatzen dute, euren funtsezkotasun izaera euren lan baldintzetan islatzea eta soldata-arrakalarekin amaitzea. Eta bide horretan jarraituko dute datozen hilabeteetan ere.