Gipuzkoako eraikuntzako greba dela eta ELA-Hainbat-en prentsa agiria, CCOOen oharrari erantzunez

2004/06/13

CCOOek gaur ohar bat zabaldu du, "Adegirekin sinatutako akordio bati buruzko azalpenak ematen dituen arte ELArekiko ekintza-batasuna bertan behera" uzten duela esanez; ELA-Hainbaten irudiko, gertakari deitoragarri bat "bestalde, aski argitu dena" erabiltzen ari dira, negoziazio-mahaiko lau sindikatuen ekintza bateratua hautsi eta Adegiren tesietara hurbiltzeko maniobra bat mozorrotzeko asmoz.

Jakina da CCOOek gogora ekarri dituen gertakariak ezagutu orduko ELA-Hainbatek bere ordezkariaren jokabidea erabat desleialtzat jo zuela, negoziazio prozesuarekiko, eraikuntzako langile guztiekiko eta, batik bat, ELAko afiliatu eta sindikatuarekiko. Beraz, akordio horren berri izan bezain pronto, ELA-Hainbatek:

  1. 1. Guztiz errefusatu zuen baliorik gabeko konpromiso hori "inongo unetan ez zuen baliorik izan"; baliorik gabea, informazio eta erabakitzeko barne-prozedurak aintzat hartu ez zirelako, eta sindikatuko organoak nahiz afiliatuen asanblada kontutan izan gabe ez ezik, haiei ezkutatuta egin zelako.
  2. 2. Horrela jokatu zuenari berehalako dimisioa eskatu zion; atzera bueltarik gabeko dimisioa izan zen.
  3. 3. Horren guztiaren berri negoziazio-mahaiko gainontzeko sindikatuei eta patronalari eman zion.
  4. 4. Zenbait egun lehenago lau sindikatuek patronalari egin zioten proposamen bateratua berretsi zuen, baita grebarekin jarraitzeko konpromisoa ere.

Gainera, ELA-Hainbatek berehala jakinarazi zion iritzi publikoari dimititutako arduradun sindikalaren jokabide deitoragarria; hala egin zuen sektoreko langileenganako leialtasunagatik, eta inork jokabide hura sindikatuaren aurka presio edo txantajea eragiteko bidetzat edota negoziazio prozesua nahasteko erabil zezan galaraztearren.

Hau da gertatutakoa, eta hauek joan den ostiralaz gero Gipuzkoako eraikuntzako langileek, mahaiko sindikatuek "CCOOek barne" eta iritzi publikoak ezagutu dituen azalpenak.

Gure ustez, CCOOek gertatutakoa gaur berriro plazaratu nahi horrekin beste zerbait ezkutatu nahi du, hain zuzen mahaiko gainontzeko sindikatuen posizio bateratutik aldendu eta Ascongui-Adegiren jokoan sartzen ari dela, langileen artean grebaren aurkako kontsignak zabaltzen dituelarik.

ELA-Hainbatek eutsi egiten dio negoziazioan dagoen proposamen bateratuari "gaur goizean ELA, LAB eta UGTk gaixoaldiari eta aparteko orduei buruz aurkeztu dutena, alegia", eta sektoreko langileei dei egiten die tinko jarrai dezaten, patronalaren jarrera aldarazi arte.

Ez da bazterrak nahasteko garaia, guztiok batera ekin eta eustekoa baizik.