Hitzarmenaren sinadura
Gipuzkoako Eraikuntzako soldatak eguneratu dira %4,1 handituta

ELA sindikatuak %74ko ordezkaritza du Gipuzkoako Eraikuntzako sektorean, eta gaur Lan Harremanen Kontseiluan egindako bileran sinatu du 2025-2028 urteetarako hitzarmena. Horrek esan nahi du 2025erako soldatak eguneratu direla. Horretaz gain, baina, 2021-2024 urteetako soldatak ere errebisatu dira. Izan ere, Auzitegi Gorenaren sententzia batek ebatzi du 2021eko soldata tauletan %0,4ko igoera aplikatu gabe geratu zela. Ondorioz, 2021. urteaz geroztik zeuden atzerapenak ere jasoko dituzte langileek.
Gogora dezagun 2021 urterako honako hau sinatu zela: 500€ko igoera lineala, hau da, langile guztientzako, eta KPI + %0,4ko soldata igoera. Urte hartan, ordea, KPIa -%0,5 izan zen. Negatiboa izanik, patronalak argudiatu zuen %0,4ko igoera ez zela aplikatu behar. Auzitegi Gorenak, lau urteren ondoren, kontrakoa esan du: enpresek 2021etik hona %0,4ko atzerapenak ordaindu beharko dituzte, bai soldatetan, bai eta kilometraje eta dietetan ere.
ELA sindikatu pozik azaldu da gaurko sinadurarekin, 2025eko soldata taulek, adostutako %3,7az gain, %0,4ko igoera ere izango dutelako. Beraz, gaurko sinadurarekin, soldatak eguneratuko dira Gipuzkoako Eraikuntzan.