Gipuzkoako erraustegiko langileek greba egingo dute azaroaren 23tik aurrera osasun eta lan baldintzak duintzeko

Era berean, ELAk honako gai hauek salatzen ditu:
-Laneko segurtasun eta osasun arloko neurririk eza etengabea da lantegiaren jarduera hasi zenetik. Laneko arriskuen ebaluazioa desegokia da, eta ez dator bat Zubietako lantokiaren errealitatearekin.
-Lanaldiak, kasu askotan, etenik gabeko txandako 12 ordura arte luzatzen dira, eta, aldi berean, baimendutako legezko gehienekoaren gainetik aparteko orduak egiteko betebeharra ezartzen da. Egutegiak egun batetik bestera aldatzen dira, lanaldien arteko atsedenaldiak eta hitzartutako oporrak errespetatu gabe. Errealitate horrek ezinezko egiten du lana eta bizitza bateragarri egitea.
-Aplikatzekoa den hitzarmena bide garbiketako sektorearena da, eta jarduera gehiago biltzen dituen arren, ez dio erantzuten Zubietako zentroko lan errealitateari. ELAk lantegiaren errealitate espezifikoa jasoko duen enpresa hitzarmen baten negoziazioa irekitzea eskatzen du.
-Enpresak sistematikoki kaleratzeak egiten ditu inolako justifikaziorik gabe. Jardunbide hori errepikatzen ari da jarduera hasi zenetik, eta azken kaleratzea oso egun gutxitan gertatu da; langilea berehala berriz hartzea eskatzen dugu.
ELAren ustez, ezinbestekoa da salatutako gai guztiei erantzutea. Ekobaleko zuzendaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokie erantzukizuna. Azken horrek aipatutako azpikontratari esleitu zion erraustegiaren ustiapena.
Enpresako zuzendaritzak zorrotz bete behar du laneko eta ingurumeneko legedia. Erraustegian langileek, bai herritarrek, oro har, eskubide horiek bermatuak izan beharko lituzkete.