Gipuzkoako errepideen mantentzeaz arduratzen diren langileek 120 egun daramatzate greban

Lan-baldintzak arautzeko hitzarmen bat iristeko ari dira greban. Duela sei urtetik gora daude eguneratu gabe, eta gainera erreforma laboralek arriskuan jarri dituzte. Zuzenean Aldundiak edota Bidegik kontratatutako pertsonek egiten duten lan berbera egiten dute, baina soldatak %36 txikiagoak dira.
Errepideen mantentzea zerbitzu publiko bat da, enpresa pribatuekin azpikontratatu dena. Aldundiak du zerbitzuaren eta bera esleitzearen ardura. Azken urteetan Aldundiaren erabakiz gero eta gutxiago ari da ordaintzen lan bera egitearen truke.
Langileok Aldundiaren gardentasun eza salatu dute gaur goizean Donostiako Gipuzkoa Plazan.
Grebak dirauen hilabeteotan egiaztatu dute esleipenetan zerbitzua hainbat iruzurrekin konpentsatzen duela Gipuzkoako Aldundiak eta salaketa jarri dute Lan Ikuskaritzaren aurrean. Era berean, arazo honi heltzeko borondaterik ez dutenez, auzibide penalera jo fute, aldundiaren balizko prebarikazioa dela eta.
Bestalde salatu dute faktura faltsuak egiten dituztela enpresek. "Ikusi dugu zerbitzuan sortzen diren faktura batzuk erabat puztuta daudela, iruzur eginez, eta hauek gidariek edota hauen aseguro etxeek ordaintzen dituztela azkenean. Hau ere salatu genuen, Batzar Nagusietako agerraldi batean, baina guk dakigula, inork ez du honen inguruan ezer egin".
Azkenik, greba egunetan egin gabeko lanagatik enpresei egindako deskontuak eskatu dizkiotela Aldundiari argitu dute, baina "ez digute honen berririk eman. Ordaintzen ari al da Aldundia egiten ez diren zerbitzuak?".