Gipuzkoako Errepideetako langileak, 100 egun greban
Grebaren ehungarren egunaren harira, ELAk sektorean duen arduradun Manu Tenak bere esker ona adierazi nahi die herritarrei euren jarreragatik gutun ireki honetan.
100 GREBA-EGUN GIPUZKOAKO ERREPIDEETAN
Gaur 100 greba-egun bete dira, Gipuzkoako errepideak zaintzeko hiru UTEetan. Greba luzeegia izaten da; batez ere, kontuan hartzen badugu arduradun nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, hasieratik onartu duela arazoaren muina zerbitzua esleitzeko prozesutik datorrela.
Grebaren 100 egun horietan ekitaldi asko gauzatu dugu gure egoeraren bidegabekeria jendaurrean jartzeko, gure lan ezezaguna ezagutzera emateko, aldundiaren arduragabekeria erakusteko, eta zerbitzua ematen duten enpresen burugogorkeria agerian jartzeko. Gipuzkoako herritarrei eskerrak ematen dizkiegu 100 egun hauetan haiengandik guztiengandik jasotako sostengu eta adoreagatik.
Grebaren 100 egun hauetan konturatu gara nolakoa den enpresa esleipendunen jokabidea: etekinak lortzea legea bete gabe. Esleipenak maltzurrak dira, eta hortaz enpresek irabazten dute egiten ez dutenagatik, baina arriskua langileentzat eta gidarientzat da. Argi eta garbi onartezina.
Herritarrek emandako informazio eta dokumentazioari esker, IRUZURRAK antzeman ditugu zerbitzuaren ondoriozko fakturetan, Biltzar Nagusietako maiatzaren 26ko agerraldian salatu genuen bezala.
Ez dugu greban jarraitu nahi, ezta egun bat gehiago ere; baina horregatik gu baztertzea ere ez dugu onartuko. Hori dela-eta, Aldundia premiatzen dugu arazoa bere egiteko, eta gatazka onbideratzeko ardura hartzeko. Hala izanez gero, topaguneak aurkituko ditugu. Osterantzean, gure gatazkak luze joko du.