Gipuzkoako errepiden mantentze lanetako langileek Aldundiaren jarrera salatu dute

2016/04/07
Gipuzkoako errepiden mantentze lanetako langileek Aldundiaren jarrera salatu dute
Gipuzkoako errepideak mantentzeko UTEek hilabete bat bete dute greban. Hilabete horretan mutur batetik bestera igaro da Gipuzkoako Aldundiaren jarrera; hasieran gure argudioak ulertzen zituzten, eta arrazoia ere ematen ziguten zerbitzu publikoak esleitzeko mekanismo maltzurrengatik; gero, ordea, beren jarrerek arriskuan jartzen dituzte bai langileen segurtasuna, bai ibilgailuetan doazen pertsonen segurtasuna.

Grebaren hilabetean gauza asko gertatu dira. Lan-arloari bakarrik dagokionez, hiru salaketa aurkeztu ditugu:

  • Jardunbidearen protokoloan irregulartasunak (neguko bidezaintza-plana...)

  • Lanaldi amaigabeak.

  • Legez kontrako lan-kategoriak.

  • Seinaleztapen-lana egiteko, segurtasun-baliabiderik eza.

  • Eta abar...

Baina gero eta irregulartasun gehiago topatzen ari gara; eta horretarako, Aldundiaren oniritzia izatea beharrezkoa izan behar da. Gaurko egunean, hilabeteko grebaren ondoan, ez ezagutzearen aitzakia argudiatzea onartezina litzateke.

Enpresak eta aldundia greba ezkutatzen saiatzen dira, irregulartasunak egiten eta guzti, Gipuzkoako errepideetatik doazenen segurtasuna arriskuan jarri arte. Adibide bat jartzearren, N-1 errepidean ezin da mozketarik egin egunez, segurtasun-arrazoiengatik, trafiko handiko bidea baita. Bada, egunez egiten hasi dira, greba ezkutuago izateko. Gehiago axola zaie greba ezkutatzea, plantillen atxikipen ugari-ugaria izan arren, errepideetako segurtasuna baino.

Greban hilabetea eman ondoren, langileok, biltzarrean bilduta, gure eskakizunak berretsi ditugu. Zuzena da gure soldata eguneratzea, sei urtez izozturik izan eta gero. Zuzena da gure berezitasunak enpresa-hitzarmen batean jasotzea, eta esleipen maltzurretatik blindatzea. Horregatik guztiagatik, mobilizazio-plan bat onartu dugu apirilerako.

Astelehenean, apirilak 11, bilera egingo dugu hiru enpresekin Lan Harremanetarako Kontseiluaren egoitzan. Hala ere, Aldundiarentzako mezua argia da: greba honek eta antzemandako irregulartasunek iraungo dute Aldundiak nahi duen arte, ez gehiago.