Gipuzkoako erresidentzien langileak kalean daude berriro Aldundiaren datu propagandistikoak gezurtatzeko

2021/07/23
ELAk egiaztatu du ratioen igoera egunean minutu batekoa izan dela, Maite Peña diputatuak (EAJ) iragarritakotik oso urrun

Gipuzkoako egoitzetako langileek mobilizazio egun berri bat egin dute Donostian, eta ekimen horrekin gezurtatu nahi dituzte Maite Peña foru diputatuak (EAJ), sektoreko arduradunak, zabaldutako propaganda datuak.

Jakina denez, Aldundiak ikerketa bat egin zuen eta ereduaren ahulezia guztiak biluzik geratu ziren, besteak beste, ratioak guztiz eskasak direla. Aldundiak neurriak hartuko zituela iragarri zuen, baina ez da halakorik gertatu. Beti bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak publizitatean jarri ditu bere indar guztiak, egoitzak abandonatuta dauden bitartean.
Maite Peña diputatuak egindako promesa faltsuetatik 6 hilabete baino gehiago igaro ondoren, langileen egoera kritikoa da, eta erizain batzuk lanean ari dira homologazio egokirik gabe, prekarietatearen adibide berri batean.

Horrek guztiak arreta falta nabarmena eragiten die egoiliarrei, bai eta gehiegizko lan-kargak ere, langileak fisikoki eta psikologikoki hondoratzen dituztenak. ELAk kanpaina bat egin zuen ("Lagun nazazu gutxienez bi orduz"), eta eztabaida euskal gizartearen erdigunean jarri zuen.

Bada, agindutako ratioen neurririk hartzen ez zela ikusita, ELAk honako informazio hau lortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko gardentasun-batzordean: Psikologoa eta Fisioterapeutak kategorietan, eguneko zerbitzuaren minutu bat gehiagora mugatzen da ratioen igoera. Edo bestela esanda, 6 ordu pertsonako urte osoan, Maite Peña diputatuak iragarritakoa erabat gezurtatzen duten datuak.

Gauzak horrela, gaur Donostian egin diren mobilizazioetan, ELAk honako hau salatu du:
- Enpresek langileak kaleratzeko aprobetxatzen dute egoiliarrak hiltzen direnean.
- Erizain batzuk homologatu gabe ari dira lanean.
- Lan-kargak nabarmen handitu dira eta ratioak ez.
- Kontratazio-arazoak daude, lan-baldintzak hain baitira gogorrak, non inork ez duen egoitza askotan lanean hasi nahi.
Gainera, gogoratu behar da ELAk 250 greba egun egin dituela eta Aldundiak ez duela langileekin batzartu nahi izan.