Gipuzkoako erresidentzietako egoera inhumanoa eta lotsagarria dela utzi du agerian Txara I-eko inspekzioak

2021/09/29
ELA sindikatuak aurkeztutako salaketa baten harira, Donostiako Txara I erresidentzian egindako inspekzioak agerian uzten du 252 egun greban daramaten ELAko sektoreko langileen aldarrien zilegitasuna, eta baita euren eskaeren premia ere: arreta zuzeneko ratioak handitu behar dira, bai eta langile gehiago kontratatu ere. Zentzu horretan, ELA-k berriz eskatzen dio Gipuzkoako Aldundiari, eta Politika Sozialetako diputatuari bereziki, onar dezala sindiatuak egiten dion bilera eskaera. Egun herrialdeko erresidentzietan bizi den egoera bideratu beharra dago, eta hori langileen lan baldintzak hobetzetik pasatzen da.

Asteazken honetan argitaratu denez, besteak beste, esaten da Txara I erresidentziako egoiliarrak 14 orduz egoten direla elikagairik hartu gabe, inspekzioak jaso duenez. Gertaera hori erresidentzien egunerokoan gertatzen denaren detaile txiki bat baino ez da; are, herrialdeko erresidentzia gehienetan gertatzen den zerbait da.

Izan ere, gehiegitan, hirugarren adineko erresidentziak gestionatzen dituzten enpresa pribatuek gauza bat ahazten dute: pertsonekin egiten dute lan, ez torlojuak egiten. Pertsona hauek, gainera, ondo zainduak izateko eskubidea daukate. Egunean 14 orduz elikagairik hartu gabe egoteari egunerokoan ematen diren beste hainbat egoera larri gehitzen zaizkio: hainbatetan, azpiak ondo garbitu gabe eramaten dituzte gosaltzera, langileek horretarako denborarik ez daukatelako; beste batzuetan, berriz, oka egiten dute egoiliarrek afariaren ostean, jaten amaitu eta segituan oheratzen dituztelako.

Hainbat kategoriatan langileak falta direla eta, bereziki da larria erizainen kasua, zeinak ratioen azpitik dauden erresidentzia gehienetan. Zentzu horretan, daude erresidentzia batzuk 8 orduko erizaintza zerbitzua baino ez dutenak eskaintzen, egoiliarrak, zentroa sartzen denean, 24 orduko erizaintza zerbitzua sinatzen duenean.

Hau guztia Gipuzkoako Aldundiaren babespean gertatzen da, zeinak diruz laguntzen dituen sektorean diharduten enpresa pribatu guztiak. Aldundia bera da ere ratio egokiak zehaztearen arduraduna; sektorea bizi-bizi ari da eboluzionatzen, eta orain hiru hamarkada ezarritako ratioek ez diote gaur egungo errealitateari erantzuten.