Gipuzkoako Foru Aldundiak, adinekoen egoitzen eta eguneko zentroetako hitzarmena berriztatzeko egin duen proposamena txalotu du ELAk

2013/02/08
Sektoreko langileei egonkortasuna bermatzeko subrogazio klausula barneratzen da (ELAren aldarrikapen historikoa) eta, Zapatero eta Rajoyren erreformei aurre egiten die proposamenak. Erreforma lan zentroetan sartzea galarazi eta orain arteko lan baldintzak mantendu eta hobetzeko, eta hauen aplikazioa bermatzeko, enpresa hitzarmenen aldeko apustu argia egiten du foru gobernuak

ELA sindikatuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako adinekoen egoitzen eta eguneko zentroetako langileen hitzarmena berriztatzeko jaulki duen proposamenaren aurrean zera adierazten du:

  • GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAK DAGOKION ARDURA ONARTU DU. ELAk, garbi izan du eta urteetan zehar hala salatu du, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako lan gatazkaren oinarria zaintza zerbitzua pribatizatzeko erabaki politikoan dagoela; alegia, langileen lan baldintzen okertzea ekarri du honek, enpresarien mozkinak handitze aldera, honek zerbitzuaren kalitatearengan izan duen galerarekin batera. Zentzu honetan, orain arteko foru gobernuek gatazkaren arrazoia langile eta enpresarien arteko gatazkan kokatu izan dute, euren ardura ekidituz. Aldiz, egungo foru gobernuak, ELAren interpelazioa kontutan hartuz, bere gain hartu du zerbitzuaren ardura eta bertako langileen lan baldintzak hobetu eta mantentzearena, kalitatezko zaintza zerbitzua mantendu eta hobetzeko. ELAk txalogarria jotzen du GFAren jarrera.

  • PROPOSAMENAREN EDUKINAK POSTIBOKI BALORATZEN DITUGU. Egungo lan gatazka dela eta, GFAak, sektoreko lan hitzarmenaren gatazkari irteera emateko, mahai negoziatzailera luzatu du akordio proposamena. Edukin ekonomikoak handiak ez izan arren, proposamena bere osotasunean baloratu behar dela uste dugu, aipatzekoa botatako proposamena bera banaezina dela, alegia, jartzen den baldintza, patronalek aipatu proposamena bere osotasunean onartu behar dutela. Sektoreko langileei egonkortasuna bermatzeko subrogazio klausula barneratzen da (ELAren aldarrikapen historikoa) eta, Zapatero eta Rajoyren erreformei aurre egiten die proposamenak. Erreforma lan zentroetan sartzea galarazi eta orain arteko lan baldintzak mantendu eta hobetzeko, eta hauen aplikazioa bermatzeko, enpresa hitzarmenen aldeko apustu argia egiten du foru gobernuak. Beraz, lan baldintzak hobetu eta hauek lan zentroetan aplikatzeko bermeari ELAk baiezko borobila ematen dio. ELArentzat, lortutako akordioa lan zentroetan enpresa hitzarmenen bidez bermatzea, lan baldintzak lotzeko bide bakarra baita.

  • ADEGI ETA LARES PATRONALEI GFAREN PROPOSAMENA ONARTZEKO DEIA. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako proposamena izaki, patronalen aldetik , ez onartzeko arrazoi ekonomikoak eta objektiboak ez daudenez ELAren iritziz, ahalik eta azkarren proposamena onartzeko deia luzatzen diegu aipatu patronalei. Orain arte, instituzioaren berme ekonomikoa eskatu dute langileen aldarrikapenak onartzeko garaian. Egun badute, eta orain dute urteetan zehar luzatu den abagune gatazkatsuari irtenbidea emateko aukera. Bide horretan, ELAk datorren astearterako , otsailaren 12rako, deitu du negoziaketa mahaia.

  • URTEETAKO BORROKAK BALIO IZAN DU ETA HORRETAN JARRAITUKO DUGU. Ezaguna da, ELAk urteetan Gipuzkoako Adinekoen egoitzetan burututako greba eta mobilizazioen oihartzuna. Ez dira alferrik izan hauek eta atzetik etorri diren erreforma eta murrizketei aurre egiteko, burutu ditugun greba orokorrak. Gaur, egungo foru gobernuaren jarrera eta mahai gainean dugun proposamena horien emaitza dira eta honi patronalek adostasuna eman arteko bakerik ez du izango sektore honek. Horregatik, Gipuzkoako Adinekoen egoitzetan dugun mobilizazioen agenda eta otsailaren 27, 28 eta martxoaren 1eko grebekin aurrera jarraitzen du ELAk, lan baldintzak hobetu, bermatu eta erreformari aurre egingo dion akordioa lortu arte. Aukera, badago eta ELAK, behintzat horren alde egingo du!