Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako elkarteen gaineko zergen araudi berriaren aurka

2007/09/05
ELAk gogor salatu du Donostian egin duen prentsaurrekoan Sozietateen gaineko Zerga gutxitzeko Gipuzkoako Aldundiaren egitasmoa. Sindikatu honen ustez Sozietateen gaineko Zerga jaisteko Gipuzkoako Aldundiaren Norma egitasmoak argiro erakusten du euskal erakundeak enpresei zergak jaisteko murgildurik dauden lasterketa azkarra.

ELAk aurkeztu duen txostenak azpimarratzen duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposaturiko zergen jaitsierak urtero 89 miloi eurotako diru bilketaren murrizketa suposatuko du. Erakunde honek garapen jasangarriari eskaintzen dion diru kopuru guztia baino askoz handiagoa da (43 miloi euro 2006an) eta gizarte zerbitzuei eskainitako ia bi herenak ( 141,4 miloi 2006an).

Patxi Agirrezabala, Mikel Noval eta Julene Gabiola izan dira txostena aurkeztu duten ELAko ordezkariak. Erabakia eliteen arteko prozesu bat izan dela salatu dute. "Gipuzkoako Aldundiak Sozietateen Zerga erakunde sozial nahiz sindikatuei kontsultarik egin gabe eta parte hartzeko aukerarik eman gabe aldatu nahi du. Eliteen arteko prozesua da, ezkutuan eta gardentasunik gabe erabaki dena; gizarteak honelako garrantzia duen kontu honetan ez dauka parte hartzerik. Zerga-sistema osoa, eredu fiskala dago aidean, eta horrek babes sozialeko ereduan ondorio zuzenak ditu. Nonbait, euskal erakundeek elkarrizketa soziala ozen goraipatuagatik ere, bere eskumeneko kontuak erabakitzerakoan (zergak, osasuna, hezkuntza, zerbitzu sozialak, etxebizitza...), elkarrizketa hori ez da beharrezko".


Hau da aurkeztutako txostena