Jarraipen zabala izan du Gipuzkoako Diputazioko eraikinetako Euleneko garbitzaileen lehen greba egunak

2022/06/06
Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinak eta lokalak garbitzen dituzten Euleneko langileek greba mugagabea hasi dute negoziatzen ari diren hitzarmenean KPIaren igoera bermatzeko. Langileek argi utzi nahi diete enpresari eta Aldundiari KPIaren igoerarik gabe ez dela hitzarmenik egongo. ELAk, LABek eta ESK-k oso positibotzat jo dute greba mugagabearen lehen egun hau: Administrazioak eta Eulenek jarritako trabak gorabehera, langileek nahikoa dela esan dute eta kalera atera dira KPIa gabe hitzarmenik ez dagoela ozen eta argi esateko.

Eulenek ez du inolako mugimendurik egin negoziazio-mahaian 2021eko abendutik. Enpresaren azken proposamena honako hau da: 2021erako soldatak izoztea, 2022rako % 1,5eko igoera eta 2023rako % 1,75eko igoera. Hiru urteak batuta, langileek ez lukete 2022ko KPIaren erdia ere beteko. Baina ez hori bakarrik, gainera, enpresak planteatzen du 2021ean soldatak izoztea, urte horretan funtsezkoa izan baita pandemia.

Bestalde, ELAk, LABek eta ESK-k Aldundiari eskatu diote borondate politikoa erakuts dezala akordioak lortzeko eta gatazka konpontzeko.

Emakumezko langileek argi dute borrokan jarraituko dutela borroka hau irabazi arte, hitzarmen kolektiboan KPIa ziurtatu arte.