Gipuzkoako Foru Aldundiko garbitzaileek greba egingo dute apirilaren 25etik maiatzaren 7ra

Langileek, gehienak emakumeak, azpimarratu dute soldatak KPIarekin ez lotzeak langileak pobretzea dakarrela. Salatu dute EULENek sektore feminizatuetan uko egiten diola aldarrikapen hori bere proposamen ekonomikoetan sartzeari; eta sartzen duela, ordea, sektore maskulinizatuetan.
Gaineratu dute EULENek soldatak KPIarekin lotzeari uko egiteaz gain, soldatak izoztea proposatzen duela. "Onartezina da enpresek soldataizozteak planteatzea, pandemia betean zerbitzua indartu eta handitu denean. Beste behin ere, langileekin jolasten ari dira enpresa etekinak handitzeko", deitoratu dute. Sektorean dagoen partzialtasuna % 80 ingurukoa da, eta 2021etik ari dira hitzarmena negoziatzen.
ELAk, LABek eta ESK-k azpimarratu dute Gipuzkoako Foru Aldundia dela zerbitzu horren azken arduraduna. Horregatik, hainbat aldiz eskatu diote Aldundiari pleguak irizpide ekonomikoen arabera ez esleitzeko. "Bere esku dago zerbitzua planteamendu ekonomiko baxuenari ez esleitzea. Aldundiak zerbitzu horretarako aurrekontuaren zenbatekoaren kalkulua egiten badu, nola berma daiteke zerbitzu bera aurrekontuaren % 15 gutxiagorekin?, galdetu dute.