Gipuzkoako gasolindegietan aurreakordioa lortu du ELAk
Hiru urtez hitzarmenik gabe egon ondoren, eta Bizkaiko gasolindegietako greba ezagunaren ondoren, akordio batera heldu zen ELA joan zen ostiralean, apirilak 5, Gipuzkoako Gasolindegien Hitzarmenaren inguruan.
AEGAk (Gipuzkoako Gasolindegien Patronala) onartu behar izan du Bizkaikoaren antzeko klausulak gure hitzarmenean sartzea (aurrera-eragina eta hitzarmenaren inaplikazioa). Nabarmendu beharrekoa da patronal hori ez dagoela Adegin sarturik.
Aurreakordioan ELAk eskatzen zituen alderdi nagusiak jaso dira:
INDARRALDIA: 6 urte (2010-2015).
BETE GABE UZTEA: klausula bat jaso da enpresek hitzarmena bete gabe uzterik izan ez dezaten, ez alde bakar batez, ez nahitaezko arbitrajeen bidez.
AURRERA-ERAGINA: Erreforman ezarritako epea 24 hilabetera luzatu da, hurrengo hitzarmena negoziatzen den bitartean aurrekoak indarrean jarrai dezan.
SOLDATA-IGOERAK: Joan diren 3 urteetarako, KPIrekin loturiko soldata-igoerak ezarri dira. Horrela, soldata-taulak %4’8 igoko dira, eta atzerakinak ordaindu beharko dira. 2013, 2014 eta 2015 urteetarako, igoerak KPIko berberak izango dira.
ELAk azpimarratu du lorturiko aurre-akordioa sektoreko langileen borrokaren emaitza dela, eta Bizkaian orain dela hilabete gutxi izandako gatazkak bere eragina egin duela. Kontuan hartzekoa da ELAk gehiengo zabala duela sektorean lurralde bietan, eta probintzia-hitzarmen horiek bakarrak izan direla bai Euskal Herrian, bai Estatuan.
Hitzarmena, bete beharrekoa izateari begira, lan-erreformaren alderdirik kaltegarrienetatik babesean geratu dira Gipuzkoako gasolindegietako langileak..
Bestalde, erreformaren arriskuak askotarikoak dira, baina legeak uzten duen punturaino blindatu ahal izan dugu gure probintzia-hitzarmena. Dena dela, nolabaiteko ziurgabetasuna badago oraindik, ez baitakigu estatuko hitzarmenarekin zer gertatuko den, eta bestalde badago arriskua zenbait enpresa-hitzarmenetan beherantz egiteko.