Bai Esan-eko 113 kaleratzeak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak

2011/07/18
Bai Esan, Euskaltel-eko bezeroen arretarako zerbitzuan 113 kaleratzeko baimena eman duela Eusko Jaurlaritzak, salatu du ELAk. Erabaki honen bitartez, Euskaltel eta Donostiako Ibermatica enpresen nahia bate du.

ELAk azaldu du Gipuzkoako Lan Ordezkaritzak presa izan duela enpresak egindako eskaria onartzeko eta langileen batzordeak aurkeztutako txostena ez duela kontutan hartu. Izan ere, egun bat nahikoa izan du atzera botatzeko.

ELAren esanetan Euskaltel-en bezeroen arreta zebitzuko enpresa berriak lotura zuzena du aurrekoarekin eta egungo 113 langileen lan baldintzak bertan behera uztea onartezina da. Irabaziak handitzeko kontratuak eten zaizkie, subrogazio eskubidea kontutan hartu gabe.

Euskaltel jo du egoeraren arduradun. "Hasieratik erabaki zuen bezero arreta zerbitzua azpikontratatzea, lan kostuak murriztu ahal izateko. Hala, prekarietatera kondenatu gaitu". 1.760 orduko lanaldia dute eta 800 euroko soldata. Krisiak krisi, azken hiru urteetan Euskaltelek irabaziak izan dituela gogoratu dute; iaz, esaterako, 330 milioi eurokoak. "Bada garaia Euskaltel bezalako enpresa ukiezinek, herri honetako bandera ontziak direnek, tokatzen zaien gizarte erantzukizunez jokatzeko".