Gipuzkoako metal sektoreko hitzarmenean ADEGIren helburu bakarra erreforma laborala ezartzea da
Bileran LAB, CCOO eta UGT sindikatuak plataforma bateratua aurkeztu dute, eta bertan negoziazioa hasi zenetik ADEGIri egindako eskari berberak jaso dituzte. ELAk ere eskari horiek aurreko bileretan egin izan ditu, eta ADEGIren erantzuna oso argia izan da. Patronalak egin nahi duen negoziazio bakarra iruzur hutsa da: aplikazio orokorreko hitzarmenaren itxurapean, helburua da enpresek Erreforma Laborala erabateko askatasunez eta inolako mugarik gabe aplikatzeko aukera izatea, salbuespenak eta hitzarmena ez aplikatzeko kasuak azkar eta modu unilateralean ebazten direlarik. Zalantzaren bat bazegoen, atzo gipuzkoar enpresarioekin egindako biltzarrean, ADEGIK eskatu zien ez dezatela hitzarmenik sinatu uztailaren 7a baino lehenago, horrela erreforma laboralari zuku guztia ateratzeko modua izan dezaten.
ELAk salatu nahi du negoziazio-mahaiaren azken bilerak esperpento bat bihurtu direla; ugazabei, ustezko beren “ardura patronala” medio, kupida daitezela eskatzen zaie, eta Gipuzkoako Metaleko hitzarmen sektoriala manten dezatela. ADEGI, ordea, CEOEko kide da eta, horrenbestez, Erreforma Laborala egiterakoan bere partea ere izan du. Jakina, bitartean CEOE, UGT eta CCOO Metaleko hitzarmen estatala negoziatzen eta edukiz betetzen ari dira. Inolako lotsarik gabe, hitzarmen estatala sinatzen duten ordezkari berdinen bitartez, UGTk eta CCOOek beren burua hitzarmen probintzialen aitzindaritzat agertzen dute. Gipuzkoako metaleko hitzarmenaren zaindariak hauek badira, hots, Euskal Herrian negoziatzeko aukera mugatu eta eragozten duten horiek, negoziazio kolektiboa zentralizatu eta estatalizatzen dutenak alegia, jai daukagu. Izan ere, patronalari esku-eskura jartzen baitiote akordioak eta bake soziala emanaz lan-baldintzak okertzeko aukera, metalgile gipuzkoarrok berebiziko ahalegina eta borroka eginez lortutakoa suntsitzekoa, beraz. Hauek osatzen dute, LABekin batera, gehiengo sindikal berria.
ELAk gogora arazi nahi die langileei premiaz mugitu beharra dagoela: uztailaren 7a baino lehenago negoziazio esparru guztiak ireki behar dira, lantokietan beharginak antolatuz; mobilizatuz eta borrokatuz Erreforma Laboralaren eragina mugatu eta lan-baldintzak bermatuko ditugu. Zenbat eta gehiago atzeratu negoziazioa, enpresek are errazago ezarri ahal izango dute Erreforma Laborala. Lantoki bakoitzeko presioa eta mobilizazioa, enpresa-hitzarmen bihurtuko diren akordioak lortze aldera, dugu ADEGIrekin bestelako negoziazio eredu batera iristeko modua. Horrela Gipuzkoako Metaleko hitzarmena etorkizunean ere sektorean mugarri garrantzitsua izango da.