Gipuzkoako Metalaren negoziazio mahaia osatu da eta ELAk %47,79ko ordezkaritza izango du bertan

2023/01/12
Gipuzkoako Metalaren negoziazio mahaia osatu da eta ELAk %47,79ko ordezkaritza izango du bertan
Gipuzkoako Metalaren negoziazio mahaia gaur eratu da Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan. ADEGI patronalarekin batera, hurrengo sindikatuek osatuko dute: ELA, %47,79arekin; LAB, %35,75arekin; CCOO, %12,16arekin; eta UGT, %4,30arekin.

Aurre negoziazioetan, ELAren helburua da langileen ahaleginari esker sortutako sektoreko egoera oso positibo honetako aberastasuna banatzea, eta lana eta bizitza bateragarri egingo dituen hitzarmena lantzea.

Erronka askori egin beharko dio aurre sindikatuak, tartean, bizitzaren garestitzeari eta diskriminazioari. Diskriminaziorik gabeko lan eremua funtsezkoa da, non lan osasuna bermatu eta langileak errekonozituta sentituko diren.

ELAk uste du batasuna seriotasunez lantzea dela bermerik handiena metalgintzako langileentzat eduki positiboak izango dituen hitzarmena lortzeko, langile klasearen aurrean konpromisoak hartuta. Aldi berean, ELAk nabarmendu nahi du hitzarmena zorroztasunetik eta borrokatik defendatzeko orduan huts egiten ez duten langileak direla sektoreak duen baliorik handiena; Euskal Herrian erreferente dira.