Gipuzkoako Metaleko bilerak behin-behinean eten egin dira

2012/05/08
Gipuzkoako Metal sektoreko Hitzarmen Probintziala negoziatzeko hamaikagarren bilera izan da gaur goizean. Mantentzen ari den blokeo jarrera zuritzeko ADEGIk aitzakiatzat hartu du LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ez dutela plataforma idatzirik mahairatu; horrenbestez, bilerak behin-behinean eten egin dira, enpresarioen elkarteak ez baitauka negoziatzeko asmorik.

 

Dagoeneko duela lau bilera ELAk idatziz proposamen formal bat egin zuen, baina hau ADEGIk gaur arte ez du aintzat hartu; Gipuzkoako patronalak agerian utzi du plataforma idatzia aitzakia merke bat besterik ez dela. Bere helburua benetan negoziazio-mahaia blokeatuta izatea da, aurrerapiderik egiteko inongo aukerarik gabe.

ELAren proposamenaren asmoa negoziatzen hastea da, bi oinarriren gainean: egungo baldintzak mantentzea eta hitzarmenaren egitura ez dela aldatuko bermatzea. Proposamen honekin ELAk eutsi egiten dio akordiora iristeko borondateari; sindikatu honek Gipuzkoako metalgintzako enpresa guztietan aplikazio orokorra izan eta gutxieneko baldintzak bermatuko dituen hitzarmena nahi du.