Gipuzkoako metaleko langileek bigarren egunez greba egin dute

2010/06/04
%90etik gora batzordedun enpresek eta %85etik gora ETEek (Pyme) egin dute gaur greba. Manifestazio ugari egin dira hainbat herritan, besteak beste, Beasainen, Azpeitian, Errenterian, Bergaran eta Hernanin. Horietan guztietan metaleko milaka langile ikusi ahal izan dira.

 

Metaleko langileek berriro erakutsi dute ez daudela prest eskubide-murrizketa gehiago onartzeko. Langileen erabateko erantzun hori ikusita, ADEGIri zuhur jokatzeko eskatzen diogu, eta baita —oraingo hitzarmena oinarri hartuz— hitzarmen berri eta duin bat negoziatzeko ahaleginak egiteko ere.

Errealitateari bizkarra ematen dion patronal bat, probokazioa ezaugarritzat hartzen duen patronala kaltegarria da Gipuzkoako industriarako. Gipuzkoako enpresen errealitatearen aurrean ez-ikusiarena egiten dutela egiaztatzeko, begiratu besterik ez dago lehen greba-egunari buruz egin duten balioespena.  Gipuzkoako enpresetan itxierak ugari-ugariak izan ziren, eta ADEGIk "porrot"tzat jo du deialdia. Oraingo honetan ELA eta LAB ADEGIk zer esango duen zain gaude, ea berriz barregarri geratzen den begien bistakoa denari uko eginez.

ADEGIk ez dio utzi gu zirikatzeari: ez baitu aldatu bere eskakizunetako bat ere: urteko lanaldia luzatu, indarraldia, aurrera-eragina, soldata-jaitsierak, eta negoziazio-mahaia geldirik utzi. Horregatik, ez dugu beste biderik mobilizazioa eta borroka baino.

Horrela ulertu dute metaleko langile gehienek, eta horregatik datorren asteko bi greba-egunak arrakastatsuak izango dira, maiatzaren 28ko lanuztea eta gaurkoa arrakastatsuak izan diren bezalaxe. Espero dugu Gipuzkoako enpresarien artean sen ona nagusitzea, gutxienezko maila batean baino ez bada ere, eta berriz negoziatzeari benetan ekitea, orain arteko irmotasuna alde batera utzita.

Patronala bere horretan jarraituz gero, Gipuzkoako metal-langileak kalera aterako dira berriz ere ekainaren 10ean eta 11n.