Gipuzkoako metaleko mahaia eratu da

2007/02/16
Metalaren Gipuzkoako Hitzarmena negoziatzeko mahaia otsailaren 16an eratu da Lan Harremanetarako Kontseiluak Donostian duen egoitzan. Mahai horretan egon ahal izateko, ordezkaritza sindikalaren %15 eduki behar da.

UGTk Gipuzkoako Metalean ordezkaritzaren %7’11 baino ez badu ere, mahaikide izatea lortu du. Eta horrela, Gipuzkoako metal-enpresetan egindako hauteskundeetan lortu ez duena beste bide batetik lortu du.

LABek eta CC.OO.ek ontzat eman dute Estatu-mailako UGTren ordezkaritza-ehunekoa, Gipuzkoako Metalaren Hitzarmena negoziatzeko mahaian parte hartzeko. Baina horrela, iruzurra egin diete Gipuzkoako langileei, eta Lan Harremanetarako Euskal Esparrua lortzeko bidean atzera egin dugu. ELA ez dago ados Negoziazio Mahaiaren osaera horrekin, eta hala adierazi dugu, eraketa-aktan jasota gera dadin.

ELAk eskakizunen plataforma eman dio ADEGIri. Hona hemen puntu nagusiak:

o Urtebeteko indarraldia: 2007.
o Soldata-igoera: KPI+%2.
o Lanaldi-murrizketa: 12 ordu urtean.
o GEROAri egin beharreko ekarpena: %2,25 alde bakoitzetik.
o Txanda kontratua: enpresa guztietan aplikatzea.
o Aldi baterako baliaezintasuna: soldata-osagarriak.
o Behin-behineko langileak: kontratazio mugatuak.
o ABLE (ETT): ez kontratatzea haien bidez.

Hurrengo bilera datorren Otsailaren 22n ospatuko da.