Gipuzkoako papegintza alorrean elkarretaratzea egin dute Hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

2022/05/05
ADEGI patronalak egin duen eskaintza gutxiegi dela adierazi dute ELA eta LAB, sindikatuetako ordezkariek gaurko elkarteratzearen ostean. "Sektorea osasuntsu dago eta lan eta etekinez beteriko urteak izan ditu" gaineratu dute Tolosan egin duten agerraldian.

“Gipuzkoako Pasta, Paper eta Kartoi Sektoreko langileok nahi dugun Probintzia Hitzarmenak, langileek dituzten premiei erantzun behar diete” adierazi dute.

Bost hilabete daramatzate negoziaketetan, eta hainbat bider elkartu ondoren, ADEGI patronalak eskaintzen duena gutxiegi dela salatzen dute. Patronalak egindako soldata igoera eskaintza, gaur gaurkoz, KPIa baino baxuagoa da, eta proposamenean azken urteetan sektorearen errelebo generazionala emateko berebiziko garrantzia duen errelebo kontratua ezabatzeko asmoa ere erakutsi du.

Sindikatuek, aldiz, KPIaz gaindiko igoera, lizentzien arloan aldaketa eta hobekuntzak, jardunaldia murriztea, sinatzen dena ez inaplikatzea bermatuko duen klausula, kontratu erreleboa ez ezabatzea, eta gaueko lana eta berdintasuna bezalako gaiak jarri dituzte mahai gainean, azken urteetan enpresek irabaziak izan dituztela jakinda eta papergintza sektoreko langileen bizi baldintzak hobetuko dituen hitzarmena sinatzeko asmotan.

Horregatik, eta egungo egoera hobetuko duen benetako negoziazioa lortze aldera, jendartean eta langileen artean eragiten hasteko ordua dela adierazi dute, horrela soilik lortuko baita hitzarmen on bat sinatzea.