Gipuzkoako zahar egoitzetako langileen greba eta manifestazioa sektoreko hitzarmena aldarrikatzeko

%100-ko zerbitzu minimoak izan arren, ehunka lagunek Donostiako kaleak zeharkatu dituzte "Diputazioa soluzioa" oihukatuz. Zinemaldiko alfonbra gorriarekin kontrastea egiten duen prekaritate irudian. Protesta Saguesen abiatu da, eta LAB eta Gipuzkoako Senideekin batera, Kursaal eta Maria Cristina igaro ostean, Gipuzkoa Plazan amaitu da.
Hiru urte dira ELAko langileek greba hasi zutenetik, eta ia 5 urte negoziazio mahaia eratu zenetik. Aldundiak ez du bere gain hartu gatazka konpontzeko erantzukizuna, eta bere jarrerarekin larritu egiten du egungo egoera.
Gaur, 2021eko irailaren 23an, egoitzen egoera COVID aurrekoa baino larriagoa da. Langile faltak, ordezkapen ezak, behar bezala homologatutako erizain eta medikuen faltak, COVID neurriek eta langileen ondoez fisiko eta psikologikoek egoera oso larria bihurtzen dute. Inoiz baino lan-karga handiagoa, langile gutxiagorekin eta inoiz baino baldintza okerragoetan.
Aldundiak, bere aldetik, gertatutakoaz ikasi beharrean, langileak zigortu nahi ditu grebarako eskubide legitimoa erabiltzeagatik.
ELAren ustez, Aldundiak, Gipuzkoako ordezkaritza-erakunde gorena den aldetik, gaur egun duen jarreraren kontrakoa eduki beharko luke. Pandemiak eragindako sufrimendu guztiaz ikasi eta sektorea hobetzearen aldeko apustua egin beharrean, langileak eta egoiliarrak alde batera uzten ari dira. Langileekin ez hitzegiteko eta ez biltzeko jarrera antidemokratikoari eusten dio.
Hala ere, ELAko langileek grebarekin jarraituko dute, sektoreari kalitatezko zerbitzua eta lan baldintza duinak eman arte. Bihar, hain zuzen ere, auto karabana egingo dute eta 11: 00etan elkarretaratzea egingo dute langileek Donostiako Txara egoitzaren aurrean.