Gipuzkoan atzo lan istripuan zendu zen garraiolariaren heriotza salatzen dute ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek
Halaber, nabarmendu nahi dugu berriro ere garraiolariek errepideetan jasaten dituzten ezbeharrak lan istripuak direla, garraiolari bat kamioiaren gainean dagoenean lanean ari baita eta istripuaren arrazoiak lan baldintzekin zerikusia dute. Horrenbestez, dei egiten diegu euskal administrazioei bereziki baina baita hedabideei ere garraiolariek jasaten dituzten ezbeharrak behingoz lan istriputzat hartzeko eta ez saiatzeko trafiko istripuen zerrendan ezkutatzen.
Euskal Herrian aurten lan istripuan hil den hirugarren garraiolaria da atzo A-15 errepidean zendutako profesionala, eta ezbehar larri honen harira lan osasunaren eta segurtasunaren arloan garraiolariek eta bereziki garraiolari autonomoek pairatzen duten babesgabetasun erabatekoa salatu nahi dugu sindikatuok. Izan ere, prekarietatean oinarritutako garraio gero eta merkeagoaren aldeko apustua egin du gizarteak eta hori lortzeko gobernuek garraiolarien lan baldintzak estutzea erabaki dute, legedia erabiliz. Era horretan, Madrilgo gobernuak legediaren bitartez bermatu du garraiolari autonomoaren auto-esplotazioan eta esklabotzan oinarritutako sistema bat eta merkatuaren legea langilearen osasunaren eta bizitzaren gainetik kokatu du. Hego Euskal Herriko administrazio guztiek salbuespenik gabe itsumustuan jarraitzen eta babesten dute lege hori.
Euskal sindikatuoi, berriz, premiazkoa iruditzen zaigu gure administrazioek garraiolariok jasaten dituzten gehiegikeriei aurre egitea eta kargadoreek inposatzen duten legearen gaineko kontrol zorrotzak ezartzea: zamatze eta hustuketa lana egitera behartzen gaituztenean, bidaiak ezinezkoa den denbora tartean egitera behartzen gaituztenean, gure zerbitzuaren prezioa jeisteko xantaia erabiltzen dutenean, etab. Era berean, sektorean dagoen konpetentzia desleialari aurre egiteko neurriak galdegiten diezkiegu.