DONOSTIAKO GIZARTE ZERBITZUAK

Gizarte ekintzako langileek salatu dute “gainezka” daudela

2025/02/05
Baliabide material gehiago bideratzea, langile gehiago kontratatzea eta pertsonen beharrei lehentasuna emango dien kudeaketa ezartzea aldarrikatzen dute.

Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Saileko Batzordeak (ELA 9, LAB 7, CCOO 3, ERNE 2, ESAN2) prentsaurreko batean salatu du zerbitzuak gainezka daudela. Azaldu dutenez, “laguntza eskaerak gora egiten du etengabe, baina giza baliabideak eta baliabide materialak ez dira nahikoak”. Gainkarga egoera berria ez den arren, “maila jasangaitzetaraino” larriagotu dela azaldu dute.

Batzordeak adierazi du egoera horrek eragin zuzena duela zerbitzuaren kalitatean, eta, ondorioz, etxebizitzarako, elikadurarako edo mendekotasunaren arretarako laguntza behar duten familiek “itxaron zerrenda amaigabeak dituztela”. Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen “oinarrizko eskubideak ezin direla bermatu” gaineratu du.

Langileek eskatzen dute profesionalen araberako arreta ratioa murriztea eta plantilla handitzea eremu guztietan (administrazioa, gizarte langileak, hezkuntza, psikologia, talde teknikoa...). Gainera, egiturazko eta antolakuntzako beharren azterketa aldarrikatzen dute, dagozkion neurriak aplikatu ahal izateko. Lan-poltsak sortzea proposatu dute, eta plantillaren egonkortasuna eta jarraitutasuna bermatzeko neurriak hartzeko eskatu dute.

Donostiako Udaleko arduradun politikoekin eta gizarte zerbitzuetako zuzendaritzarekin hainbat bilera egin ondoren, erantzuna “eskasa” da batzordearen iritziz. Gauzak horrela, eta aldarrikapenak kontuan hartu ezean, mobilizazioak iragarriko dituzte.