Gizarte mugimendu bat eratzeko urratsak eman dira

2013/03/20
Gizarte mugimendu bat eratzeko urratsak eman dira
Martxoaren 15 eta 16an Bruselan Alter Summit-eko Asanblea ospatu zen; bertan Europa osoko sindikatu, gizarte mugimendu eta gobernuz kanpoko erakundeak bildu ziren, ekainaren 7 eta 8an Atenasen izango den Alter Summit biltzarra prestatzeko.

Asanblea honetan Atenaseko programaren antolakuntzan aurreratu da. 7an arratsaldez inaugurazio ekitaldia izango da Bake eta Adiskidetasunaren Estadioan egingo den Asanblea handi batekin; bertan “Herrien Manifestua” aurkeztuko da, Alter Summitean parte hartzen duten organizazioen elkarlanaren fruitua dena.

Hurrengo egunean justizia soziala, ingurumena, austeritatea, demokrazia, feminismoa eta abarren inguruko esperientzien elkartrukea eta proposamenen eguna izango da. Arratsaldean, berriz, manifestazioa izango da Atenaseko kaleetan zehar, herri ezberdinetan aplikatzen ari diren politiken aurka eta Greziako herriarekin elkartasuna adierazteko.

Atenas Europako gizarte mugimendu bat eratzeko urrats erabakigarria izango da.