Gizarte-politikaren gabeziak arrazismoa bultzatzen du

2010/12/17
Abenduaren 18an Immigrantearen Nazioarteko Eguna dela-eta, ELAk ohartarazi nahi du kolektibo hau gure herrian gero eta egoera okerragoan dagoela, eta honen zergatia Gobernuen murrizte politikak direla

ELAk gogoratzen duenez, aurten immigrante askok ikusi dute eskubideen gabeziari, –atzerritarren legeak eragindakoa, abusu eta xantaiak jasateko arriskua dakarrena–, gehitu egin zaizkiola indefentsioa areagotu duten erakundeen hainbat erabaki, batik bat EAEn.

Besteak beste, ELAk aurten honakoak salatu ditu:

-Diru-sarrerak bermatzeko legearen aldaketa medio, laguntzak banatzeko ez dira pertsonak aintzat hartzen, etxebizitzak baizik; immigranteak diskriminatzen dituzte honela, bizilekua izateko aukera txikiagoa izanik, etxe batzutan pilatuta direlako.

-Hirugarren sektorearekin lan egiten duten elkarteentzako diru-laguntzak murriztu dituzte. Honela laguntza hauek izateko bidea batez ere immigranteen elkarte txikiei ixten zaie.

-HELDUren itxiera; hau zen paperik gabeko immigranteentzako zerbitzu juridiko publiko bakarra. Egoerarik ahulenean, defentsarik gabe dauden etorkinak abandonatu egin dituzte eta arretarik gabe utzi. Eusko Jaurlaritzak oraino ez du azaldu zerbitzu hau behar duten pertsona guztiei zer nolako arreta emango zaien.

ELAk uste du egun bizi dugun krisi ekonomikoan, langabezia, pobrezia eta baztertze soziala gehitu direnean, elkartasunak izan behar duela gizarte-politiketako ekintzarik behinena.

Horregatik, sindikatu honek salatu egiten du Eusko Jaurlaritzaren erabakiak onartu ezinezkoak direla uneotan, baztertzeak eta kolektibo jakin batzuren kontrako politikak herritarren artean jarrera arrazistak ugaltzea ekar baitezake.

Langile immigranteen arteko informazio kanpaina

Bestalde, ELAk uste du informaziorik ez izatea dela immigranteentzako beste arazo bat, indefentsioa larriago egiten baitu. Horregatik, eskubide sozial eta laboralen berri emate aldera sindikatuak kanpaina bati ekin dio, eta lantokietan eta etorkin elkarteen artean dokumentu bat banatzen ari da, “Lan egiten baduzu eskubideak dituzu” izenekoa. Orri hau bost hizkuntzatan argitaratu da, eta bertan langile orok –paperak izan ala ez– exigitu behar dituen eskubideak jaso ditu ELAk.

Azkenik, ELAk Abenduaren 18 hau baliatu egin nahi du pertsona guztientzako eskubideen aitortza aldarrikatzeko, edozein dela ere beren jatorria; halaber, instituzioei gizarte-politiketan aldaketa galdegiten die sindikatuak.