Gizarte Segurantzak amiantoaren eraginpean egotearen ondoriozko ezintasun iraunkor absolutua aitortu dio Legazpiko Patricio Echeverriako erretiratu bati

2022/07/14
Bidelagun Fundazioak, ezintasunaz gain, Gizarte Segurantzak langile erretiratuak duen biriketako minbiziaren jatorri profesionala aitortzea lortu du amiantoarekiko esposizioagatik, eta, horri esker, segurtasun neurririk ez izateagatik prestazioen errekargua eta erantzukizun zibilagatiko kalte ordaina eska daitezke orain.

Erretiratutako langileak Legazpiko Patricio Echeverria eta CIE enpresetan lan egin zuen 1965 eta 2007 urteen artean, eta amiantoaren eraginpean egon zen ohiko zereginetan. Amiantoarekiko esposizio horri buruz Osalanek jada bere irizpidea emana zuen, eta langilea amiantoaren eraginpean egon zitezkeen langileen zerrendan sartu zuen, baita laneko gaixotasunaren susmoari buruzko txosten bat egin ere. Txosten horretan, 2009. urtean soldatze tailerrean amiantoz betetako labe batean lanean ari zirela izandako gertakari bat ere aipatzen da.

Bidelagun Fundazioak -ELA sindikatuak sortutako erakundea da, laneko ezbeharren aurrean eta, zehazki, amiantoarekiko esposizioaren ondoriozko lanbide gaixotasunen arazoaren aurrean erantzun espezializatua emateko sortutakoa- txalotu egiten du Gizarte Segurantza Insituto Nazionalaren ebazpena. Honek kaltetuari aukera ematen dio orain segurtasun neurri ezagatik prestazioen errekargua eta erantzukizun zibilagatik kalte ordaina eskatzeko.

Bidelagun Fundazioak eta ELA sindikatuak ohartarazi nahi dute amiantoarekin harremanean egon izanaren ondorioz sortutako lanbide gaixotasunak gero eta hedatuago daudela, ia pandemiko bihurtzeraino, eta hori guztia kontrol publiko eskasaren eta enpresek XX. mendean segurtasun neurririk ez izatearen ondorio zuzena diela.

Adierazi behar da, gainera, horrelako patologien latentzia aldia –ia guztiak kantzerigenoak – gutxi gorabehera 30 urtekoa denez, ikusezin bihurtzeko eta lan giroarekin ez lotzeko joera duela fenomeno honek. Hori dela eta, ELAk eta Bidelagun Fundazioak uste dute lehentasun politiko eta soziala izan behar duela lan osasuneko arazo larri horri aurre egitea, baliabideak jarriz eta arreta fokua prebentzioan eta kontroletan jarrita, ondorio larriei aurre egiteko.