Gizarte Segurantzak bi baja berezi berri ezarri ditu
Urriaren 20ko 31/2026 Errege Lege Dekretuak Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 169.1.a) artikuluan jasotako kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasunaren egoera bereziak zabaldu ditu, bi kasu berri gehituta: berariaz kodetutako menopausia-nahasmendu sekundarioagatiko patologia mugatzailea eta genero-indarkeriaren ondoriozko lesioak. 2026ko abenduaren 1etik aurrera aplikatuko dira.
Lehenengo kasuan, emakume langileak Osasun Zerbitzu Publikoaren osasun-laguntza jaso beharko du, eta menopausia-patologiaren ondorioz lan egiteko ezinduta egon. Hortaz, babesa ez da menopausiagatik beragatik aitortzen, baizik eta haren agerpen patologiko mugatzaile eta behar bezala kodetuagatik.
Bigarren kasuak emakumearen ezkontidea den edo izan den pertsonak, edo harekin antzeko afektibitate-harremana duen edo izan duenak, elkarrekin bizi izan ez arren, eragindako lesioak hartzen ditu barne. Osasun-laguntza jasotzeaz eta lan egiteko ezinduta egoteaz gain, legez aurreikusitako egiaztapena eskatzen da, sendatzeagatiko edo hobekuntzagatiko alta medikoa eman aurretik. Horretarako, Fiskaltzari edo organo judizialari egindako jakinarazpenaren osasun-dokumentazio ofiziala, babes-neurriak, fiskalaren txostena edo kondena-epaia beharko dira. Dokumentazio horretan berariaz adierazi beharko da lesioaren eta indarkeria-ekintzaren arteko kausa-harremana.
Bi egoeretan ez da aurretiko gutxieneko kotizazioaldirik eskatuko. Subsidioa oinarri arautzailearen % 60koa izango da bigarren egunetik hogeigarrenera, eta % 75ekoa hogeita batgarren egunetik aurrera. Lehen egunetik egongo da estaldura ekonomikoa, baina ez subsidioa: bajaren eguneko soldata osoa enpresaren kontura izango da, eta prestazioa hurrengo egunean hasiko da, dagokion erakunde kudeatzailearen edo laguntzailearen kontura.