Gobernu espainolak langabeziaren erreforma aurrera darama eta enplegu-sistemaren zentralizazioa areagotuko du

2002/06/12
Gobernu espainolak Madrilgo Gizarte- eta Ekonomia-Kontseilura Enplegu-Legearen aurreproiektua bidali berri du. Gogoratu beharra dago 2002ko apirilaren 16an PPren Gobernuak “Medidas de reforma de la protección por desempleo y de la Ley básica de Empleo” izeneko agiria onartu zuela, eta bertan hainbat asmo jasotzen zirela: tramitazio-soldatak kentzea, langabezi-prestazioen murrizketa eta Enpleguaren Oinarrizko Legearen erreformari ekitea. Jakingarria da CC OOek eta UGTk lehen bi atalen kritika zorrotza egin zutelarik enplegu-zerbitzuen erreformari buruz ez zutela eragozpenik adierazi. Maiatzaren 23an ELAk ekainaren 19ko greba orokorrerako iragarpena aurkeztu zuen, Gobernuak hartu zituen erabaki guztien aurka, eta grebarako zergatietako bat aipatzen zuen: INEMen erreforma egiteko irizpideen aurkako jarrera, eta enplegu sistema orokor eta propioaren aldarrikapena. Gobernu espainolak maiatzaren 24an onetsi zuen lege-dekretuak erreforma asmo orokorraren zati bat besterik ez zuen jaso, hain zuzen langabezi-prestazioei eta tramitazio soldatak kentzeari zegozkienak. Baina Gobernuak bere asmo guztiak gauzatzeko intentzioa du, eta dagoeneko testu artikulatu bat onartu du, eta berau lege bihurtzeko urratsak egiten hasi da. 1. LEGE-AURREPROIEKTUAREN EDUKIA Testuak bi eratako neurriak biltzen ditu: enplegu-politiken zentralizazioa eta lan-esparruaren desarautze eta malgutze areagotua; lehen multzoa da legegaiaren ardatza. a) Enplegu-politiken zentralizazioa Gobernu espainolak enplegu-politiken zentralizazioa areagotu nahi du, batetik zenbait politikaren transferentzia ukatzeko erabakiari babesa emanez, eta bestetik, dagoeneko autonomien esku utzitako –edo utz ditzakeen– eskumenak berriro estatuaren esparrura eramateko bideak urratzea. Horretarako enplegu-politikentzat helburu berri bat ezartzen du, “estatuko lurralde osoan merkatuaren batasunari eustea” alegia. Definizio honetatik abiatuta, gobernuak legegai honetan enplegu-politikak Estatuaren eskumen direla erabakitzen du: · Enplegu-politikaren plangintza eta koordinazioa. · Lan-merkatuko bitartekaritza eta enplegua lortzea, nazio esparruko enpleguaren sustapena, eta langabetu zein langileentzako lanbide-heziketari buruzko legeria eta araudiak egitea, baita hauen garapena ere. · Enplegu-politika aktiboak betearaztea, kudeaketa autonomiaren esku ez dagoen kasuetan, edota betearazteko esparrua autonomi-erkidego bat gainditzen badu (eskumen-titulu honen bidez estatuak transferitutako eskumenak berreskuratzeko aukera ziurtatu nahi du). · Dena dela, testuaren arabera, “Gobernuari dagokio... langabezia-prestazioen kudeaketa”. Legegaiak “Enplegu-Sistema nazionala” izenekoa sortzen du, estatuko eta autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoek osatua. Estatuko Enplegu-Zerbitzu publikoak egitura zentrala eta periferikoa izango du. Autonomia-erkidegoek eta eragile sozialek dagokien organoetan dira partaide. Besteak beste, estautko zerbitzuaren lana izango da “funts europarretako laguntzak jaso bere aurrekontuetatik egin beharreko ekintzak finantzatu eta beroiek justifikatzea, EBko araudiak zehazten duen agintearen bitartez”. Beraz, estatuko zerbitzuak kudeatuko ditu Europako diruak. Legegaiak dioenez, estatuko zerbitzuaren esku dauden enplegu-politiken finantzaketarako langabezia-kuota, lanbide heziketakoa, funts sozial europarrak, bere ondarea eta estatuaren ekarpenak baliatuko ditu. Diru-sarrera hauetako bat ere ez da aipatzen autonomietako zerbitzuen finantzaketarako. Halaber, estatuak, bere enplegu-zerbitzuaren bidez, nazio esparruko enplegu-funtsen eskumena du. Badirudi nazio esparruko enplegu-funtsen gaia, garatu gabe dagoena, tabu izango den beste kontzeptu bat sortzeko asmoz zehaztu dutela, kutxa bakarra den modukoa, politika aktiboen funtsezko atalak (langabetuen prestakuntza, langileena, etab.), sartze aldera, estatuaren esku geratuko dira. Funts horiek urtero banatuko ditu gobernu espainolak, kudeaketa autonomiaren esku badago. Hain zuzen, lehen urratsa egiten dute, autonomia-erkidegoa gainditzen duten enplegu-politika aktiboen programa eta neurriak finantzatzeko Enplegu-Funts Nazionala sortzea. b)Malgutzea eta pribatizazioa. Enpleguaren legegaia lan-esparruko hainbat puntu desarautu eta malgutzeko baliatu dute. · Enpleguratzeko kontratuak egiteko aukera zabaltzen du, orain arte “herri-administrazio edo irabazi asmorik gabeko erakunde” batekin posible zena, aurrerantzean edozein “herri-administrazio edo erakunde publiko zein pribaturekin” posible izango baita. Kontutan izan behar da kontratu horrek enplegua sustatzeko xedea duela, zuzenean edo zeharka (enplegu-politika aktiboetako tresna bat da), eta Gobernuak uztailaren 9ko 12/2001 legean aldi baterako kontratu kausaltzat berreskuratu duela. Enpresek berriro dute eskura kontratu eskasa, aldi baterakoa eta merkea, administrazioaren diru-laguntza jasotzen baitu. · Orain arte irabazi asmorik gabeko erakundeei mugatuta zegoen lan-merkatuko bitartekaritza pribatua “enpresa pribatu eta publiko”en esku izango da. 2. ELA-REN IRITZIA Aurreproiektu honek berriro frogatzen du egungo esparru juridikoak ezein autogobernu proiektu garatzeko ez duela inolako bermerik ematen. Gobernu espainolak aldebakarreko erabakiz, autogobernuaren beste esparruetan egin izan duen legez (hezkuntza, osasungintza, Kontzertu Ekonomikoa, etab.), eskumenen banaketa jakin bat ezartzen du, edozein unetan nahierara alda dezakeena. Oraingoan estatuan sistema bakar eta uniformea legez finkatu nahi dute, INEMen deszentralizazio hutsa ezarri eta autonomia-erkidegoen parte hartzea lankidetza-erakunde izatera mugatuz, politika aktiboen kudeaketari buruzko transferentzia soilak onartzen dituzten heinean. Gainera, politika pasiboei dagokienez, legegaiak finkatu egiten du benetan gertatzen ari dena, hots, langabezia-prestazioen kudeaketa estatuaren esku dagoela, eta egoera hori behin-betiko bihurtzen du. Bai hau, bai politika aktiboen atalean eskumenei buruz biltzen diren neurriak, Estatutuaren edukiaren aurka doa. Halere, aurreproiektuaren edukia ez da ezustean etorri, eskumenak antolatu eta banatzeko zentralizazio irizpideak INEMeko Kontseilu Nagusian 1997ko azaroaren 24an CC OO, UGT, CEOE eta Aznarren Gobernuak erabaki zuten akordioan jasotako berdinak baitira; akordioa “Principios para la organización del sistema público de empleo” agirian jaso zen. Beraz, CC OO eta UGT ados izateaz gainera, Aznarren erreformaren atal batean partaide sutsu izan dira, enplegu-politiken zentralizazioa dakarren atalean alegia. Azkenik, ez da nahikoa euskal erakundeak beste eraso honen berri izatea; bere larritasunaren araberako erantzun politikoa eman behar dute.