Gobernu espainolak langabeziaren erreforma aurrera darama eta enplegu-sistemaren zentralizazioa areagotuko du

2002/10/11

Europako Batasuneko gobernuek euroa sartzeko prozesuan berebiziko garrantzia eman zioten estatuen gastu publikoan eta aurrekontuetan gauzatu beharreko politikari. Finantza-egonkortasuna beste edozein helburu ekonomiko eta sozialen gainetik ipini zuten, eta horregatik zor publikoa eta defizita gaitzetsi egin zituzten, unean-uneko egoerak aurrekontuetan gastua handitzea edo murriztea eskatzen duen kontutan izan gabe. Hori omen zen euroak arrakasta izan zezan ordaindu beharreko prezioa. Ederki baliatu dute argudio hau Euskal Herriko erakundeek gastu soziala murriztu edo, batzutan, ez handitzeko!
Europako Banku Zentralaren helburu bakarra prezioei eustea da –aitzitik, EE BBetako Erreserba Federalarena ekonomia laguntzea da, eta horren arabera hartzen ditu erabakiak–, eta horregatik EBko gobernuek Egonkortasun Ituna egin zuten. Itunean ezarritako defizitari eta zorrari buruzko helburuak betetzen ez zituen estatuarentzat zigor latzak aurreikusi zituzten (alde ederra dago beste esparru batzutan helburuak lortzeko EBk izan ohi duen lasaitasunarekin).
Orain, ordea, zer ari da gertatzen? Egoera ekonomikoa medio Alemaniak eta Frantziak zero defizitaren helburua inondik ere betetzerik ez dutela izango ikusi denean, aipatutako ituna hain zorrotz hartzerik ez dagoela diote gobernuek eta Europako Batzordearen buru den Prodik berak ere.
Gurean, berriz, erakundeen kezka bakarra –batez ere arlo sozialean– gutxiago gastatzea eta, ahal den heinean, superabita lortzea da. Taxuzko laguntza beharrean dagoen adineko jendea edota bizitzeko lain ez duenak ez baitu hedabideetan eragiteko modurik.