Gobernu espaniarrak ez ditu justizia alorreko eskumenak aintzat hartzen

2002/03/26

ELAko Zerbitzu Publikoen Federazioak Gobernu espainola prestatzen ari den Botere Judizialaren Lege Organikoa zentralistatzat jo du, ez baititu euskal administrazioak gai honetan dituen eskumenak aintzat hartzen. Gainera, ELAk salatu duenez, EAEko Justizia administrazioan euskara normalizatzeko egiten ari diren urratsak zapuztea ekarriko luke legegaiak.
Gobernuaren asmotan hizkuntzen ofizialtasuna aipamen orokor bat besterik ez da. Izan ere, zehazki soilik oso kasu jakinak onartzen ditu, hots, justiziaren zerbitzu publiko izaera ez da kontutan izan hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen den lurraldeetan.
Laburtuz, botere judizialaren legeak zentralizaziora jotzen du eta irizpide politiko jakinen arabera egiten ari dira. Erkidego autonomikoen eskumenak urratzen ditu, batik bat EAErena, orain arte legeak dioenaren aurka, PPren asmoa inolako mailatan aldaketarik ez onartzea baita. Prozesu-esparruan autonomiek ez dute zeresanik, eta adminstratiboan ministerioaren zerbitzari besterik ez dira.
Aniztasuna ukatu egiten dute eta negoziazio kolektiboan zein beste ezein esparru soziolaboraletan, berriz, langileen ordezkariei ez zaie aukerarik ematen.