Nafarroako Gobernuak CCOO, UGT eta Afapnarekin sinaturiko ituna probesten du 'minijobs'ak legeztatzeko
ELA sindikatuak salatzen du Nafarroako Gobernuak gaurko saioan Administrazio Publikoen kontratazioaren dekretuak aldatu dituela, langileentzako baimen berriak indarrean jartzeko eta, bide batez, 'minijobs'-en inposizioa legeztatzeko. Jakina denez, Barcinaren Gobernuak “lan banaketa” deitzen dituen neurri batzuk (soldatarik gabeko bi baimenak) CCOO, UGT eta Afapna sindikatuekin adostu zituen, ordezkatze-kontratuak ahalbidetzearen aitzakia erabiliz.
Mahai orokorrean eta gaurko saioan, Gobernuak agerian utzi du “lan banaketa” hori 'minijobs'-en inposizioarekin batera doala, hau da, lanaldi erdiko kontratuak egitea lanaldi osoko jardunaldiak ordezkatzeko. Horrek lanpostuen suntsiketa eta prekarizazioa besterik ez du ekarriko: ezin zaio lan banaketa deitu langabeziaren zenbakiak mozorrotzeko iruzurra besterik ez den honi. Gauzak horrela, CCOO, UGT eta Afapnarekin sinaturiko ituna 'minijobs'-ak legeztatzeko sarbidea besterik ez dela izan argi eta garbi geratu da.
Gogora ekarri behar da ELAk 'minijobs'-en aurkako helegitea irabazi duela, baina gaur onartutako dekretuak Aldizkari Ofizialean argitaratzen badira, Nafarroako Administrazioetan kalitatezko enpleguaren alde egiteko defentsa juridikoa galduko dugu. Azpimarratu behar da Nafarroako Gobernuaren erabaki honek aurrera jarraituz gero Udal Administrazioan ere eragina izango duela eta agian baita gainerako erakunde publikoetan ere: guztira, milaka langile publiko kaltetuak izango direlarik.
Hala ere, eta pasa den astean ELAk aipatu zuen bezala, Nafarroako Parlamentuak 'minijobs'-ak gelditzeko aukera dauka. Hain justu, biharko osoko bilkuran Barcinaren Gobernuak onartutako dekretua baliorik gabe uzteko lege proposamena eztabaidatuko baita. ELAk oposizioko alderdiei proposamen horri baietza emateko deia luzatzen die, izan ere gutxienez egungo lan-eskubideak mantentzen baititu.