Gobernuen politikengatik langabezia eta miseria gero eta handiagoak dira

2013/01/03
Hego Euskal Herriko langabe kopurua 221.027 pertsonakoa izan da 2012ko abenduan, urtean zehar 28.687 pertsonatan kopurua handituz, hau da, %14,9 gehiago. Murrizketa politikak ez aldatzeak langabezia handitzea eta babes soziala suntsitzen jarraitzea suposatzen du.

Datu hauek %16,7ko langabezia tasan kokatzen gaituzte, 27-EBeko bataz besteko %10,7a baino askoz gorago, Grezia (%25,4) eta Espainiar Estatua (%26,2) soilik izanda tasa handiagoa duten lurraldeak. Langabezia da arazorik nagusiena eta arduradun politikoak ez dira inolaz ere honetaz arduratzen.

Egoera larri honi Hego Euskal Herrian ia 100.000 langabetuk inolako langabezia saririk ez dutela jasotzen gehitu behar zaio. Hau da, langabetuen %44,6k ez du inolako saririk jasotzen, eta kotizaziopeko langabezia saria %34,5ek bakarrik jasotzen du.

Aplikatzen diren politikak langabezia, babes sozial eza eta pobrezia areagotzen ari dira, eta era berean, lana dutenen baldintzak prekarizatzen (2012an sinatutako kontratuen %93,6a aldi baterakoa izan da). Eta gainera, administrazioek egoera okertuko duten murrizketa eta erreforma gehiago iragartzen eta onartzen dituzte.

ELAk politika suntsitzaile hauei aurre egin eta gelditzeko modu bakarra hauen erabateko aldaketa dela berresten du, eta aldaketa hau gizartearen mobilizaziotik soilik iritsiko da.