Hauteskunde adierazpen bat ixilarazi nahi dute

2009/01/23
ELAren iritziz, gaur goizaldean Euskal Herriko hainbat tokitan egindako atxiloketak eraso bortitza izan dira partehartze politikoaren funtsezko eskubidearen aurka.

Ulertezina da eskubide hori ukatu nahi izatea esparru politiko oso bati; zeren herritar horiek, beren eskubide zibil eta politikoak erabiliz, hauteskundeetan partehartzea besterik ez zuten bilatzen. Horrelako neurrien bidez, esparru horren hauteskunde-adierazpideak ixilarazi nahi dituzte, antza; eta xede hori onartezina da demokrazian.

ELAk Alderdien Legea indargabetzeko eskatzen du. Lege hori PSOEren eta PPren arteko akordio estu batean dago oinarrituta, baina herrialde honen gehiengo politikoak eta sozialak uko egin dio. Lege horren bidez legezko itxura eman nahi izan diete erabaki antidemokratikoei. Eta ikusi berri ditugun neurriek denon agerian utzi dute nolakoa den ekintza horien azpiko asmo politikoa.

Bai legeak berak, bai Estatuaren menpeko auzitegi-baliabideek oso argiro erakutsi digute sistema judizialaren sinesgarritasun eza, izaera politiko nabarmeneko helburuz erabiltzen baita.

ELAk, azkenik, bere elkartasuna agertzen die atxilotutako pertsonei, eta berehala askatzeko eskatzen du ozenki.