Euskotren

Goizeko lanuzteek %80ko jarraipena izan dute

2023/07/20
Euskotreneko EAEko zerbitzu guztietan lanuztea egin dute langileek gaur, uztailaren 20an, goizeko 7:00etatik 9:00etara. Jarraipena zabala izan da, langileen %80k bat egin baitu deialdiarekin. Plantillaren nekearen erakusgarri da hori, langile faltagatik, zerbitzu murrizketengatik eta zerbitzuaren okertzeagatik protesta egin baitute. Guztira, 50.000 erabiltzaileri eragiten dio lanuzteak.

Euskotreneko langileek hainbat arazo azaleratu nahi izan dituzte: kalitatezko zerbitzua eskaintzeko behar diren langileen plangintzak eta kontratazioa falta da - geltokietako eguneroko zerbitzuen % 25 baino gehiago bete gabe uzten dira -, ibilbideko merkataritza arretarik ez dago, aurreko urteetako gehiegizko orduak ez dira itzultzen, langileen atsedenaldiak murriztu dira... eta jaietako gaueko zerbitzuetan eta zerbitzu berezietan segurtasuna bermatzeko langileak ere falta dira, besteak beste.

Euskotreneko langileek zuzendaritzari eskatzen diote behar diren kontratazioak egin ditzala zerbitzuan kalitateari eusteko eta tentsio, arrisku eta gehiegizko lankarga egoerak saihesteko. Horretarako, sindikatuekin negoziazio prozesu bat ireki behar da lehenbailehen.

Gaur arratsaldean beste bi orduko lanuztea egingo dute Euskotrenen zerbitzu guztietan (trenbidea, tranbia, autobusa eta funikularra): 18:00etatik 20: 00etara.