Gomez Uranga, Garikoitz Otazua eta Mari Luz de la Cal irakasleen lana argitaratu du Manu Robles-Arangiz Institutuak

2005/10/23

Bertako pentsio-sistema nola eratu: hausnarketak

Gaur egungo gizarte-segurantza sistemari buruz, batik bat pentsioen inguruan, komunikabide eta erakunde askok etengabe hedatzen dituzte ustez eztabaida ezineko mezuak: Batetik, erretiroa jasotzeko aukera etorkizunean arriskutan izango dela, gizartea gero eta zaharragoa delako, eta bestetik, sistemaren administrazioa Euskal Herrira ekartzeko aldarrikapenaren aurrean, sistema bera ukiezina dela eta beti estatuaren esku jarraitu behar duela (lurraldeen arteko elkartasuna medio).

Helburu ideologiko eta enpresarialen ondorio diren horrelako iritzi interesatuen aurkako argudio eta datuak biltzen ditu Manu Robles-Arangiz Institutuak argitaratu duen lanak: Hain zuzen, Mikel Gomez Uranga, Garikoitz Otazua eta Mª Luz de la Cal Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek egin duten "Bertako pentsio-sistema nola eratu: hausnarketak".

Lan honen asmoa arestian aipatutako topiko eta erdi-egiak zalantzan jartzea da, eta euskal esparrurako pentsio-sistema batek izan beharko lituzkeen oinarriak proposatzea. Hainbat tesiren defentsa egiten dute egileek: Pentsioak ez dira kutxa berezi bateko baliabide finantzario bat hartara, esku pribatuak ere kudea dezakeena, herritar orori zor zaion bizimodu duina izateko eskubidearen atal bat baizik: "duintasunez bizitzeko behar duten errenta jasotzeko gizon-emakume guztiek duten eskubidea dira pentsioak".

Horregatik, orain kotizazioak eta aurrekontu publikoak zeharo banandu beharrarekin Toledoko Ituneko oinarrietako bat ez datoz bat. Egileentzat, herri-administrazioek bermatu behar dituzte azkenean pentsioak, behar izanez gero aurrekontuetatik ere: "pentsio sistema Sistema Publiko orokor baten partaide izatea proposatzen dugu, eta sistema publikoa izatea horren azken bermatzailea (...) sektore publikoaren kudeatzaileen eginkizuna hala eskatzen duten herritarrei pentsioen ordainketa bermatzea da".

Pentsio publikoen etorkizuna iluna dela dioten askok finantza-erakundeen interesak dituzte gogoan, bai baitakite egundoko negozioa dagoela esparru honetan. Baina badaezpadako etorkizunaren tesia frogatzeko abiapuntutzat datu partzialak hartzen dituzte, bilakaera arbitrario baten arabera nahi den emaitza lortu arte.

Balizko tesi horren ondorioz datoz pentsio osagarriak sustatu eta pentsioen ordaina kapitalizazioan oinarritzeko eskariak. Sistema osagarria (gizarte-aurreikuspen erakundeak) ez da berez txarra, irakasle hauen arabera, baina aberatsentzako abantaila hutsa bihur ez daitezen baldintza batzuk bete behar ditu (Gipuzkoako Geroa aipatzen dute bereziki).

Euskal pentsio eta gizarte-segurantza sistemak zer itxura izan beharko lukeen ere iradokitzen digute Gomez Uranga, Otazua eta de la Cal irakasleek: "Sistema fiskal propioak dituzte EAEk eta Nafarroak; pentsio-sistema, ordea, Estatuak kontrolatzen du oso-osorik". Egileen aburuz, "euskal sistema publikoak alde biak hartu behar ditu bere mende: fiskala eta Gizarte Segurantzarena".

Halaber, estatuko sistemarekiko elkartasun mekanismoren bat ere proposatzen dute, epe baterako bederen, "arrazoi historikoak", "bertan kudeatzen ikasteko", langile asko Euskal Herrian behar egin ostean beste norabait erretiratzen delako, eta nolabait estatuko lurraldeen arteko oreka hankaz gora jar ez dadin.

Euskal sistema publikoak orain kudeatzen duen zergen eskumenaz gainera Gizarte Segurantza ere hartu behar du bere mende, pentsioak bere esku egon daitezen.

Argitalpen hau Manu Robles-Arangiz Institutuaren webgunean eskura daiteke PDF formatoan, euskaraz eta gaztelaniaz.

http://www.mrafundazioa.org