Gorraiz izango da Hainbat federazioko idazkari nagusia

2007/10/24
ELAren Hainbat federazioak bere bigarren biltzar federala egin du urriaren 25ean Barakaldoko BEC erakustazokan. Biltzarraren leloa "Gure indarraren giltza. Organizar las secciones sindicales" izan da. Orotara federazioko 174 delegatuk hartu dute parte; delegatuek Gurutz Gorraiz Hainbat Federazioko idazkari nagusi bezala aukeratu dute bigarrengoz.

ELAren idazkari nagusi Jose Elorrietak azpimarratu duenez, "elkarrizketa sozialaren aitzakiarekin ELAk ordezkatzen duen sindikalgintza mota baztertu egin nahi dute. Diru-laguntzen bidetik langileekin dugun harreman apurtu dezagun nahi dute".

Elorrietak Lan Harremanen Kontseilua uzteko sindikatu honek hartu duen erabakiaz mintzatu da. "Patronalak greba eskubidea kriminalizatu egin nahi du, eta gu ez gaude estrategia horretan parte hartzeko prest". Patronalak, publikoak zein pribatuak, jokoaren arauak apurtzen dituzte gaineratu du. Azkenik lan merkatuaren egoeraz mintzatu da. "Lan baldintzak gero eta okerragoak dira, azpikontratazioa oso handia da, eta prekarietatea ikaragarria". Patronalak eta Jaurlaritzak bat egiten dutela ere salatu du Elorrietak, "beti ere langileen kaltetan".

Bere aldetik, ELA-Hainbateko idazkari nagusi Gurutz Gorraizek kudeaketa txostena aurkeztu du. "Aurreko Kongresuaz geroztik igarotako lau urteak zailak izan dira euskal sindikalgintzarentzat. Enplegua hazi egin da, baina aitzitik, lanaren kalitatea gutxitu. Lan-baldintzak okerragoak dira orain, istripuak biderkatu egin dira, soldatak desorekatu egin dira aberastasunaren banaketan eta bazterketak eta azpi-kontratazioa ugaritu. Lasterketa gogorra dugu aurretik, langile-klasea posizioak galtzen ari gara, noiz eta Gasteizko eta Iruñeko Gobernuaren ekonomia hazi eta hazi ari denean urtero 1993tik, Europako gainerako herrien aldean markak hausteko moduko parametroetan, gainera. Bi joera hauen bategiteak, ekonomiaren hazkundeak eta lan-esplotazioak alegia, jokabide bat hartzera behartzen du sindikalgintza eta jokabide hori ezin da izan eztabaida abstraktu baten ondorioa; aitzitik, jokabide horrek bere eginkizunaren gainean konpromiso bat hartzera eraman behar du sindikatua: edo bere jarduera instituzionalizatzen du eta agintean den sistemaren "beharrezko eragile" bihurtzen da, edo bidegabekerien aurrean ahots eta lan-tresna moduan agertzea erabakitzen du.