Vicarli Handling

Greba %20ko soldata igoerak dituen hitzarmena eta kaleratuta zeuden 5 lankideak berriro onartuta amaitu da

2023/04/17
9 eguneko grebaren ondoren, langileek aldeko %95eko babesa eman diote datozen 5 urteetan KPIa bermatzen duen eta lan baldintzak nabarmen hobetzen dituen akordioari.

Vicarli Handling enpresan 130 pertsona inguruk egiten duten lan 12 lantokitan logistika lanak egiten. Horien artean daude Acciona-Nordex, Gamesa, Viscofan, Liebherr, Solidus San Andres, Timac Agro eta Caja Rural. Enpresa hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziatzen hilabeteak eman ondoren, ELAko 5 ordezkarik, LABeko 2k, CCOOko 1ek eta UGTko 1ek osatutako batzordeak greba deitu zuen joan den martxoaren 30etik hasita.

Joan den ostiralean, apirilaren 14an, arratsaldean, Vicarli Handlingeko langileek amaiera eman zioten datozen egunetarako aurreikusitako grebari kaleratutako 5 lankide berriz hartzeko akordioa eta enpresako hitzarmenerako aurreakordioa sinatuta. Akordioaren edukiak % 95etik gorako babesa jaso zuen lankideen aldetik. Honako jasotzen ditu, besteak beste:

  • Negoziazio eremuari eusten zaio hitzarmen propioa duen enpresan, sektorekoa nabarmen hobetuz.

  • Langile guztientzako soldata igoera linealak, edozein dela ere haien soldata edo kategoria. Horrek esan nahi du egungo soldataren %20 inguru igoko dela hitzarmena indarrean dagoen 5 urteetan. Gainera, 5 urte horietan soldata igoera gutxienez KPIaren araberakoa izango dela bermatzen da.

  • Soldata finkoaren %100eraino osatzea lortzen da laneko istripuek eragindako bajen kasuan, eta %95era arte gaixotasun arrunten kasuan.

  • Lizentzien hobekuntzak: lizentziak hartzeko eskubidea ospitaleratzetan, 14 urtetik beherako adingabeei eta mendeko senideei mediku espezialistarengana laguntzeko eskubidea eta ezkontza izatezko bikoteekin parekatzea, besteak beste.

  • Edoskitzeagatiko baimena metatzeko eskubidea.

Langileen borrokak eta batasunak berresten du hau dela lan baldintzak hobetzeko bidea.