Greba-aldi berria Bilbao Kirolak erakundeko Guedan Servicios Deportivosen, maiatzaren 7tik ekainaren 20ra

2022/05/05
Maiatzak 7, Bilbao Kirolak erakundeko kiroldegiei zerbitzua ematen dien Guedan Servicios Deportivos SA azpikontratako laguntzaileek greba egun gehiago deitu dituzte; martxotik apirilera bitartean egin diren 21 greba egunei batuko zaizkie. Greba egunetan mobilizazioak egingo dira kiroldegietan, Udaletxearen aurrean, baita Bilbao Kirolaken eta Guedanen egoitzetan ere. Horren eragina jasotzen duen kolektiboa Bizkaiko Eraikinen eta Lokalen Garbiketaren Hitzarmeneko ofizialen kategorian lan egiten duten 34 pertsonak osatzen dute. 15 eta 30 urte bitarteko antzinatasuna dute, eta haien lan baldintzak duintasunik gabeak eta jasanezinak dira.

Joan den asteazkenean, 21 eguneko grebaren ondoren, enpresak bilera deitu zuen lehen aldiz. Enpresak bileran agertu zuen planteamendu bakarra kirol lokalen eta zelaien hitzarmena aplikatzea izan zen. Horrek ditugunak baino 70 ordu gehiago lan egitea dakar, plusak (txandak, garraioa…) galtzea eta antzinatasuna izoztea, eta hori iraingarria izan da kolektiboarentzat.

Martxoko eta apirileko greban, Guedan eta Bilbao Kirolak borrokaren eragina minimizatzeaz arduratu dira, greban dauden langileak ordezkatuz. Grebarako eskubidearen urraketa hori lan agintaritzari jakinarazi zaio jada, eta hainbat demanda aurkeztu ditugu lan arloko epaitegian.

Langileek gura dutena da publiko egitear dauden udal pleguetan beharrak eta aldarrikapenak jasotzea, bai eta zerbitzu horren hurrengo lizitazio publikoaren baldintzak jasotzea ere. Aldarrikapen nagusiak hauek dira:

  • Soldata arrakala ezabatzea: Bizkaiko eraikinen eta lokalen garbiketaren hitzarmenak ofizial eta askotariko ofizio kategoria duten langileentzat jasotzen dituen soldatak 17.749,55 eurokoak direla kontuan hartuta, 25.000 euroko soldata eskatzen dugu, egiten ari diren funtzioak eta azken urte hauetako igoera erreferentziatzat hartuta.

  • Bajen osagarriak: gertakizun arruntengatiko zein profesionalengatiko bajen kasuan soldatak %100ean osatzea.

  • Partzialtasun blindajea: lan-baldintzen funtsezko aldaketen aurrean lanaldi partzialak blindatuta edukitzea.

  • Lizentziak: lehen mailako senideei mediku espezialistarengana zein familia-medikuarengana laguntzeko. Eta norberaren aukerako hiru egun, horietako bat ordaindua.

  • Lanpostu hutsak betetzea: enpresak lanpostu hutsak betetzeko betebeharra izango du, aldi baterakoak edo mugagabeak izan. Lanpostu horiek betetzeko lehentasuna izango dute lanaldi partzialeko langile mugagabeek edo eraikinak eta lokalak garbitzeko hitzarmenari atxikitako behin-behineko langileek. Lanpostua esleitzeko kontuan hartu beharreko irizpidea zerbitzuko antzinatasun-data izango da.