Greba arrakastatsua Gipuzkoako ehunaren merkataritzan

2022/07/21
Gaur kalera atera dira berriro Gipuzkoako ehunaren merkataritzan langileak, ELAk deitutako bi eguneko greban: uztailaren 21ean eta 22an. Sektoreko lan baldintzak hobetzeko hitzarmenaren alde ari dira borrokan eta arrakastaz ari dira greba egiten. Bereziki nabaritu da greba honako dendetan: Stradivarios Garbera, Urbil eta erdigunekoa; Bershka erdigunekoa, Garbera eta Irun; Parfois de Garbera; Zara de Urbil; Pepe Jeans Urbil; Springfield Txingudi; H&M Garbera; Oysho erdigunekoa eta Urbil; Desigual; Tezenis; Parfois erdigunekoa; Fifty; H&M Txingudi y Bershka Irun bezalako dendetako langileek gehiengo batean greba egin dute baina partzialki ireki ahal izan dute. Azpimarratzekoa da erdiguneko Desigual, Guess eta Parfois dendak lehen aldiz batu direla grebara.

Gaur, gainera, langileek 'merkataritzan igandeetan eguzkitan' irudikatu dute San Martin merkataritza guneko ateetan, pareo, aulki eta hondartzako gailuekin, igande eta jaiegunetan dendak ez irekitzearen alde. Patronalak jakinarazi du ez duela jasoko igandeetan merkataritzan lan egiteko debekua, nahiz eta jada jasota egon eta bere garaian inpugnatu eta estatutuz kanpokotzat jo zen 2010-1018 hitzarmenean. Gogoratu ehun-merkataritzan bi kolektibo bereizi daudela: bata 2006-2009ko hitzarmena aplikatzen zaiona da eta orduz geroztik soldata izoztuta duena, eta bestea 2010-2018koa aplikatzen zaiona (ia 1.000 langile).

Ehunaren merkataritzaren egoerak nabarmen egin du okerrera azken urteotan, eta sektorearentzat egoera hori jasanezina da. Negoziazioak 2021aren amaieran hasi ziren, eta orain arte egindako bileretan patronalak ez du proposamena aldatu. Hau da, langileen erosahalmena galtzea proposatzen du, eta ez du sektorearen aldarrikapenetako bat bera ere jasotzen.

Sektore feminizatua da ehunaren merkataritza. Kontratu partzialen eta digitalizazioaren ondorioak jasaten ditu. Horri irtenbidea eman behar zaio. 2.000 langile baino gehiagoren baldintzak hobetzeko unea da, haien lan baldintzek egunetik egunera okerrera egiten baitute.


Horregatik guztiagatik, ELA sindikatuak Merkataritza Federazioari eta ADEGI patronalari eskatzen dio aurkeztu dezala uztailaren 27an egingo den bileran langile horien lan baldintzak nabarmen hobetuko dituen proposamena.

Bien bitartean, bihar berriro aterako dira langileak kalera grebn, eta merkatal zentroetan pikete informatiboak egingo dira.