Greba arrakastatsua Gipuzkoako TAO eta Garabiak zerbitzuetan

2022/10/28
ELA, CCOO eta LAB sindikatuek deituta, greba arrakastatsua egiten ari dira Gipuzkoako TAO eta Garabiak zerbitzuetan. Horrela, plantillek berretsi egin dute ASESGA patronalari blokeoa amaitzeko egindako deia. Era berean, udalei inplikatzeko eskaera luzatu diete.

Negoziazio mahaia hamar aldiz baino gehiagotan bildu da urte eta erdiz, aurrerapenik lortu gabe. Era berean, udalek isilik jarraitu dute, eta gatazka langileen eta enplegatzaileen artekotzat jo dute.
TAO zerbitzua diru iturri handia da Gipuzkoako udalentzat, are eta gehiago zerbitzuaren oinarriak guztiz betetzen ez direnean. Gainera, azken urteetan lanpostu asko galdu dira, nahiz eta kotxeen bidez arazo hori ezkutatu nahi den.
Horregatik guztiagatik, langileen ordezkariek berriro eskatu diete ugazabei eta gatazkan parte hartzen duten gainerako eragileei langileen eskaerak beteko dituzten adostasunak lortzeko bideak irekitzea. Bien bitartean, grebekin aurrera jarraituko dute langileek.