Lemoako Udaleko lorezain eta garbitzaileak

Greba beste bi astez luzatu du ELAk

2023/04/12
Langile finkoen artean, % 100eko jarraipena izaten ari da greba. Urteak daramatzate hitzarmen berri bategatik lanean baina, oraindik ere, oso soldata prekarioa izaten jarraitzen dute.

Bosgarren greba eguna izan dute gaur Lemoako Udaleko lorezain eta garbitzaileek eta, aditzera eman dutenez, lau astera luzatu dute mobilizazioa. Apirilaren 3an hasi zuten eta 30era arte luzatu dute, hain zuzen.

Lorezainek urte asko daramatzate estatuko hitzarmenarekin eta garbitzaileek, berriz, eraikinak eta lokalak garbitzeko hitzarmen probintzialarekin. Soldata baxuak izateaz gain (urtean 17.000- 19.000 euro gordin ingurukoak, askotan), langileen iritziz ez dira horiek beren baldintzak markatu beharko lituzketen hitzarmenak. Gauzak horrela, populazio tamaina antzekoa duen Ugao-Miravalleseko hitzarmena hartu dute errefertziatzat. Soldaten % 26ko igoera lortu dute horiek arestian, gainera.

Borroka luzea

Urteak daramatzate Lemoako plantillek Udalarekin hitz egiten, pleguko dirua handitu eta azpikontratatutako enpresekin lan eta bizi baldintzak hobetzeko. Adostasunera heldu ezinik, 2022ko udan greba egin zuten. Alkateak, orduantxe, jarrera aldatu eta proposamena aztertzea erabaki zuen. Greba eten zuten langileek eta, hala ere, otsailera arte ez zuen alkateak bere proposamena aurkeztu: urtean 19.500 euro langile guztientzat.

Langileak ez daude proposamen horrekin batere ados eta greba hasi dute berriro. Gaur, bosgarren egunean, greba bi aste gehiagoz luzatuko dutela esan dute. Apirilaren 30era arte izango dira greban Lemoako Udaleko lorezain eta garbitzaileak, beraz.