Greba Bilboko Portuko obretan

2017/09/05
Zierbenako portuko kai-muturrean kaxak egiten diharduten Kaimuturra UTEko langileek greba mugagabe bati ekitea erabaki dute. Grebarako arrazoiak Bizkaiko Eraikuntza Hitzarmena ez aplikatzea da obra egiteko esleipena jaso dute enpresetan. Hitzarmena betetzen ez duten enpresak Sato eta Costanor dira.

ELAn oso larritzat jotzen dugu obra publikoetan aritzen diren langileak esplotatzea, obra horiek herritar guztien zergekin ordaintzen baitira.

Ez da txiripa hutsa aipaturiko obrako langile gehienak etorkinak izatea. Izan ere, egoera zaurgarriagoan daudenez, eta zenbaitetan eskubideak ezagutzen ez dituztenez, lan-baldintza lotsagarriak pairatu behar dituzte.

ELAk azken hilabeteotan bisitak egin ditu aldiro-aldiro obran, eta langileak antolatu ditu. Antolatze eta ahalduntze horren ondorioz, langileen lan-baldintzak erregularizatzeko pausoak eman dira, horietako bat greba mugagaberako deialdia.

Bide batez, herri-erakundeen jokabidea salatu nahi dugu, obretan lan-eskubiderik izango ez balitz bezala jokatzen baitute. Bestalde, Lan Ikuskaritza premiatzen dugu azkar eta irmo ekitera, indarrean dauden hitzarmenak benetan bete ditzaten.