Greba Bizkaiko merkataritzan apirilaren 7an

2006/02/22

ELA, LAB, UGT eta LSB-USO sindikatuek iragarri dutenez, apirilaren 7an greba egingo dute Bizkaiko merkataritzan. Grebara deitu duten sindikatuek azpimarratzen dutenez, patronalaren jarrerak derrigortu ditu greba egitera. Hau da gaur ELA, LAB, UGT eta LSB-USO sindikatuek aurkeztu duten testua.

Urtarrilaren 5erako grebara deitu genuen sindikatuok (ELA, LAB, UGT eta LSB-USO) merkataritzako hitzarmen mahai guztiak zertan diren aztertu eta lehenbailehen negoziazioei berrekiteko aukerak ebaluatu ditugu: jadanik urte bat baino gehiago igaro delako eta patronalak gertatzen ari diren atzerapenak direla eta ezinegona azaldu zuelako. Emaitza ezin etsigarriagoa izan da. 13 hilabete baino gehiago hitzarmen barik egon ostean, Merkataritzako sektore guztietan greba egin eta patronalak erabateko mespretxua azaldu ostean (azken honi ezer gutxi axola zaio sektoreko langileen egoera), eman diguten erantzuna iazko bera izan da: EZ DUTE ORDU BAKAR BAT ERE MURRIZTU, EZ DUTE EZERTAN ETSI ETA OZTA-OZTA KPI-REN IGOERA ONARTZEN DUTE.

CEBEK-k hitzarmenak ez direla atzeraeraginak esanez (ez dutela atzerapenik ordaindu nahi, alegia) gu beldurtu nahi izatea (negoziazioa bizkor dezagun erabili ohi dituen jardunbideak) egun negoziazioak luza daitezen darabiltzan metodoekin kontraesan argian dago. Begi-bistakoa da ez dutela inolako presarik. Milaka langile biltzen dituen sektoreko hitzarmen kolektiboetan norgehiagokan aritzea arriskutsuegia gerta dakioke patronalari. Aipatutako hitzarmenak enpresako edota norbanako itunen truk aldatu nahi dituzte (azken hauek enpresariek errazago kontrola dezakete). Sektoreko hitzarmenen aldeko borroka gure armarik onena da gure laneko eskubideak eta laneko baldintzak babestearren. Honen bidez, soldata igoera duinak eta jadanik horren lanaldi luzeak murriztu eta bizi-kalitatea hobetu nahi ditugu, laburbilduz, gure lana duin egin nahi dugu.

Gauza izan bagara dendak jaiegunetan zabal dezaten geldiarazten, oraingoan ez dugu onartuko ere gupidarik ez duten lau enpresarik eta CEBEKeko beste lau burokratek (gure soldatekin bizi behar izaten ez duten hauek) gure bizitza alferrik gal dezaten. Jakin, badakigu, sektoreko enpresari gehienak ez datozela bat hitzarmenen negoziazioa guda-leku bihur dadin. Hauek jakin, badakite, euren enpresak ez direla onik aterako, baina hauek mahaian dituzten ordezkariak negoziazio kolektiboa fronte politiko neoliberala bihurtu nahi dute, eta egoera horretan, enpresariek, hauen enpresek eta langileek ez dute zeresanik. Negoziazioetan parte hartu dugun sindikatuok mobilizazioak irautearen alde gaude: intentsitatea eta maiztasuna areagotuz. Hala ere, edonoiz berba egiteko prest gauzkate, zorrozkeria barik, mehatxu barik eta kontuan hartuz, hortxe izango gaituztela gure bizi-baldintzak hobetzeko, inoiz ez kaltetzeko, bestela, ez genuke negoziatuko.

MERKATARITZAKO SEKTOREAN otsaila eta martxoan egingo diren mobilizazioak, unean-une horien berri emango dizuegu, apirilaren 7an egingo den GREBArekin ikusiko du goia. Ez dago jendearen duintasunaren aldeko borroka baino zuzenagorik. Gurea ere zuzena da, hitzarmen soila baino gehiago da!