Greba deialdi berria Bizkaiko erresidentzietan
ELAk sektorean dituen arduradun Gaizka Miguelek eta Soraya Garciak azpimarratzen dutenez, langileek ez dute etsiko akordio on bat lortu arte. “Gure aldarrikapenak gatazka hasi zeneko berdinak dira: ratioak hobetzeko diru-sail nahikoak, zentroetako pertsonala handitzea, langileen baldintzak duintzea... Hau guztia lortu arte ez dugu etsiko. Hemen dagoen ebidentzia nagusia hauxe da: gatazka hasi zenetik langileok jaso dugun babesa handitu besterik ez da egin”.
“Gero eta egoitza eta langile gehiago dira grebara batu direnak, egoiliarren senideak gurekin daude eta mobilizazioetan parte-hartzen dute, gero eta gizarte eragile gehiagok euren atxikimendua erakusten ari dira...”, gaineratzen dute ELAren ordezkari hauek.
Gaizka Miguel eta Soraya Garcia baikor dira eta ziur dira langileek garaipena lortuko dutela. “Langileok sinetsita gaude soilik borrokan jarraitzen badugu lortuko ditugula gure lan-baldintzak duintzea. Horregatik greba eta gatazka azken muturreraino eramateko prest gaude, aho-batez hala adierazi dugulako behin eta berriz. Badakigu gatazka honen amaiera denbora kontu hutsa dela, eta badakigu ere gure helburuak lortuko ditugula”.
Greba hasi zenetik 50etik gora egunez lanuzteak izan direlarik, patronalak ez du bere hasierako jarrerarik aldatu salatu dute. Era berean, kontutan izatekoa da Aldundiak Bizkaiko 7.500 oheetatik 5.000 finantzatzen dituela, eta berari dagokiola egoitzetako arretaren kalitatea bermatzea. Ez da onargarria, beraz, erakundea gatazkatik at egotea, hainbat eragilek zalantzan jarri duten kalitatea hobetze aldera irtenbiderik topatzen ez saiatzea, eta langileen eskariak aintzat hartzeko aukera baztertzea.