Bizkaiko eraikuntza
Greba deialdia ekainaren 29 eta 30era aldatu ditu ELAk

ASCOBI patronalaren soldata igoeren proposamen eskasa ikusita, ELAk 4 eguneko greba deialdia egin zuen Bizkaiko eraikuntza sektorerako, ekainaren 9, 16, 19 eta 20rako.
Gogoratu behar da CCOOek, UGTk eta ASCOBIk 4 urteko indarraldia zuen hitzarmena sinatu zutela, eta 2023 eta 2024 urteetako soldata igoera ez zela negoziatu; beraz, gaur egun igoera hori hutsa da.
Negoziazio mahaiaren bi bilera egin dira, eta, azkenekoan, ASCOBIk proposamen bat aurkeztu zuen, eskasa, ez baitu bermatzen sektorean lan egiten duten langileen erosahalmena. Gainera, ez da ahaztu behar lan karga handiak eta enpresa onura handiak dituen sektoreaz ari garela.
Errealitate horren aurrean, ELAk sektorearen mobilizazioaren eta aktibazioaren alde egin zuen, soilik bide horretatik lortuko direlako hobekuntzak lan baldintzetan.
ELA pozik agertu zen joan den ekainaren 9an sektoreak grebaren lehen egunean eman zuen erantzunarekin; izan ere, enpresek presioa egin arren eta beste sindikatu batzuen desmobilizazio deialdiak egin arren, sektoreak mobilizazioarekin erantzuten jakin zuen.
Horregatik guztiagatik, ELAk mobilizazioaren eta grebaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta beste sindikatuekin harremanetan jarri ondoren, ekainaren 29 eta 30erako greba deialdia aldatzea erabaki du. Mobilizazioarekin eta borrokarekin bakarrik lortuko ditugu gure lan baldintzak hobetzea.