Arabako kirol jarduerak

Greba deialdiari esker, lanaldia murriztu eta erosahalmena bermatzen duen akordioa lortu da

2025/01/23
Negoziazioaren blokeoa hautsi egin da urtarrilaren 23, 24, 25 eta 26rako greba deialdiarekin, eta lanaldia murriztea, soldata KPIaren arabera igotzea eta beste hobekuntza sozial eta ekonomiko batzuk adostu dira.

2024 eta 2025erako hitzarmen berri bat negoziatzeko 17 bilera egin ondoren, Enpresa Batzordeak (ELAk % 45,45eko ordezkaritza du) akordioa lortu du Arabako kirol jardueren sektorean. 500 pertsona ingururen lan baldintzak hobetuko dira honekin.

Negoziazio mahaiaren blokeoa etengabea izan da, eta langileen aldarrikapen nagusiak jasotzen dituen akordio greba deialdiarekin bakarra lortu da.

Akordioak hainbat puntu garrantzitsu jasotzen ditu: 2025 eta 2026 urteetarako KPIaren araberako soldata igoera, eta 2027an KPIaren gainekoa. 24 orduko lanaldi murrizketa ezartzen da I. eta II. taldeentzat, eta 100 ordukoa III., IV. eta V. taldeentzat datozen hiru urteetan. Gainera, lanaldi irregularra % 2 murriztuko da. Opor egun gehiago egongo dira eta jaiegunetako plusak hobetu egin dira, baita plus berriak sortu ere.

Lan osasunari dagokionez, hobekuntza nabarmenak aurreikusten dira, hala nola soldata osagarriak handitzea aldi baterako ezintasunen kasuan, eta ordaindutako eta ordaindu gabeko baimenak zabaltzea, besteak beste.

ELA pozik dago lortutako akordioarekin, datozen urteetan langileen lan baldintzak hobetzea bermatzen baitu. Hala ere, sindikatuak adierazi du negoziazioak zaildu egiten direla erakundeek zerbitzu merkeenak eskaintzen dituzten enpresei mesede egiten dietelako, eta horrek eragin negatiboa du lan baldintzetan. Langileek antolatzen jarraituko dute hobekuntzen eta lan baldintza duinen alde borrokatzen jarraitzeko.