Greba deitu du ELAk biharko, Alsak eta Vectaliak Bizkaibuseko langileen baldintzak hobe ditzaten

2022/12/20
Autobus lineen kontzesioa duten beste enpresa batzuekin sinatu egin ditu jada ELAk KPIaren gaineko igoerak. Aldundiari eskatu dio multinazionalen xantaien aurrean men egin ez eta esku har dezan.

Bihar, abenduak 21, greba egitera animatu ditu ELAk Bizkaibuseko zerbitzuaren parte bat ematen duten Alsa eta Vectaliako langileak. Bi urte baino gehiago daramatzate hitzarmenik gabe zenbait operadoretan, eta hilabeteak dira gatazka hasi zela. Baina langileen baldintzak hobetzeari uko egiten jarraitzen diote multinazional biek eta, bitartean, zain baino ez daude Bizkaiko Foru Aldundiak partida berriak noiz onartuko, diru publikoarekin beren irabaziak are gehiago handituz. Bizkaibusen kontzesioa duten beste enpresa batzuekin sinatu egin ditu dagoeneko ELAk KPIaren gaineko igoerak ziurtatzen dituzten hitzarmenak.

Erabaki politikoa izan zen autobus zerbitzu publikoa pribatizatzea, baina oraindik ere diru publikoarekin finantzatzen da %100ean. Eta orain, Alsak eta Vectaliak mozkinak jartzen dituzte zerbitzu publikoaren gainetik.

Behin eta berriz urratzen dituzte enpresa biek hitzarmen kolektiboak eta Lan Ikuskaritzaren ebazpenak, lan osasunarekin zerikusia dituztenak barne. Eta gero eta ohikoagoak dira murrizketak, lanaldi partzialak, prekarietatea, lanpostuen amortizazioa, autobusen egoera txarra, konponketak egiteko piezak falta izatea, antolakuntza falta, eta abar luzea. Horrek guztiak kinka larrian jarri du bizkaitarrentzat hain beharrezkoa den zerbitzu hau.

Horregatik, ELAk premiaz eskatzen dio Bizkaiko Foru Aldundiari multinazionalen xantaien aurrean men egin ez eta esku har dezan, plantillaren baldintzak hobetzeko eta gero eta txarrago dabilen zerbitzu honen kalitatea bermatzeko. Aldundiak ezin du onartu multinazionalek diru publikoa erabiltzea etekinak handitzen jarraitzeko, zerbitzuaren kalitateak eta langileen baldintzek txarrera egiten duten bitartean.